Gizartea -
Minbizia
Minbiziaren biziraupena % 55ekoa da gizonezkoengan, eta % 61ekoa emakumezkoengan
Jaume Galceran REDECANeko presidenteak adierazi duenez, biziraupen handiena bizi-ohituren prebentzioari, diagnostiko goiztiarrari eta aurrerapen farmakologiko eta kirurgikoei zor zaie.
Agentziak | Erredakzioa
Espainian minbizia diagnostikatu zaien pertsonen artean, hiru puntu hobetu da 5 urteko biziraupena azken 12 urteetan, bai gizonezkoengan (% 55,5), bai emakumezkoengan (% 61,7), Minbiziaren Erregistroen Espainiako Sarearen (REDECAN) azken txostenaren arabera.
Astearte honetan, urtarrilaren 21ean, Iruñean aurkeztutako ikerketak, Marcela doktorea izan du ikertzaile nagusi izan duenak, 2008tik 2012ra bitartean diagnostikatutako tumoreei dagozkion datuak plazatu ditu.
Jaume Galceran REDECANeko presidenteak adierazi duenez, bizi-ohituren prebentzioak, diagnostiko goiztiarrak, prozedura arinagoek eta tratamendu farmakologiko zein kirurgikoek baldintzatzen dute biziraupenik handiena.
Hobekuntza hori, ordea, desberdina da minbizi motaren arabera. Biriketakoak biziraupen "baxua" du, % 13koa gizonezkoengan eta % 18koa emakumezkoengan. Kontrako muturrean, prostatako eta bularreko minbiziak daude, % 90eko eta % 85eko indizeekin, hurrenez hurren.
Tumore mota guztietan, "emakumezkoen biziraupena handiagoa izan ohi da" adierazi du. Halere, ikertzaileak nabarmendu du "tumore bakar batek ere ez duela behera egin biziraupenean", nahiz eta alkoholaren eta tabakoaren kontsumoarekin lotutakoek datu "pobreagoak" eman; "horrek prebentzioak duen garrantzia zehazten du".
Horren ildoan, gizonezkoen biziraupena % 80ra iristen dela edo barrabiletako eta tiroideetako tumoreen kasuan gizonezkoak zifra hori gainditzera heltzen direla zehaztu du. Beste tumore mota batzuen kasuan honakoa da biziraupena: maskuria % 74, koloneko minbizia % 63, ondesteko minbizia % 60, leuzemia eta mieloma % 40 eta 45 artean, faringea % 38, urdaila % 27, garuna % 21 eta pankrea % 8.
Emakumezkoengan, tiroideko minbizia da % 90etik gorako biziraupena duena, eta jarraian, larruazaleko melanoma eta bularreko minbizia kokatzen dira. Umetoki-lepokoa % 74an dago, kolonekoa % 64an, ondestekoa % 63an, laringekoa % 58an, leuzemiak % 42an, urdaila %30ean, gibela % 16an eta pankreakoa % 10ean.
Datu horiekin, Guevarak zehaztu du gizonen artean biziraupenaren gorakadarik handiena leuzemia eta tiroideen kasuan izan dela, 10 puntu eta 8 puntu hobetu baitira, hurrenez hurren. Kolon, linfoma no Hodgkin, giltzurrun, mieloma eta ondestearen kasuan, berriz, hobekuntza % 4 eta % 6 artekoa izan da. Prostata, maskuri eta biriketan, % 2koa.
Emakumezkoen kasuan, mieloma minbizia da biziraupenean gehien hazi dena (% 9), eta ondoren, leuzemiak (% 8), faringea, ondestea, giltzurruna, tiroideak eta kolona (% 4 eta % 6) eta bularra (% 2) daude. Birika eta umetoki-gorputza, aldiz, egonkor mantentzen dira.
Guevarak gehitu du biziraupenak okerrera egiten duela adinarekin; izan ere, minbizia duen gaixoak, urteek aurrera jo ahala, aukera handiagoa izaten du beste gaixotasun batzuk ere pairatzeko. Horrek eragina izaten du egoera orokorrean: aukerak kentzen dizkio gaixoari, eta tratamenduekiko tolerantzia murrizten dio.
Hala, 15 eta 44 urte bitarteko gaixoei erreparatuta, batez besteko biziraupena % 84koa da emakumezkoengan, eta % 75ekoa gizonezkoengan. 45 eta 54 urte artekoak aztertuta, behera egiten du biziraupenak, eta % 78koa eta % 67koa da, hurrenez hurren. 55 eta 64 urte bitartekoen artean, biziraupena % 72koa da emakumezkoengan, eta % 61ekoa gizonezkoengan. 65-74 urtekoen biziraupena % 62koa da emakumezkoengan eta % 60koa gizonezkoengan, eta 75-99 urte bitarteko gaixoen artean % 41ekoa da, emakumezkoengan zein gizonezkoengan.
Azkenik, nahiz eta autonomia erkidegoetako daturik eman ez, Galceranek zehaztu du minbiziak Estatuko iparraldean duela hegoaldean baino eragin handiagoa. Europa mailan ere gertatzen omen da hori.