Gizartea -
Osasuna auzia
Osasunako gerente ohiak aitortu du dirutza ordaindu zutela partidetan iruzur egiteko
Angel Vizcayk esan du 2013an hainbat futbol talderi esku dirutan ordaindu ziela partidak irabazi edo galtzeko. Talde gorritxoaren zuzendaritzak bazuen ordainketen berri, Vizcayren hitzetan.
Agentziak | erredakzioa
Angel Vizcay Osasuna futbol taldeko gerente ohiak aitortu duenez, 2012-2013 denboraldian hainbat ordainketa egin zituzten esku dirutan partidetan iruzur egiteko. Aitortza Osasuna auziaren epaiketaren bigarren egunean egin du talde gorritxoaren kudeatzaile zenak, eta argitu du zuzendaritzak bazuela ordainketen berri.
Fiskalak egindako galderei erantzunez, Vizcayk zehaztu du Valladolidi 150.000 euro ordaindu zizkiotela Deportivori irabazteko, eta beste 150.000 euro Betisi, Celtaren kontrako norgehiagokan gailen zedin. "Celta eta Deportivo aurkari zuzenak genituen, eta dirua eman genien euren kontra jokatzen zutenei", azaldu du. Halaber, beste 250.000 euro ordaindu zizkioten Espanyoli Osasunaren kontrako partidan irabaz ez zezan (berdinketa adostu zuten).
Horrez gain, "Getaferi 400.000 euro eman genizkion Osasunaren aurka gal zezan, eta beste 400.000 euro banatu genituen saritan jokalarien artean".
24 urtez Osasunako kudeatzaileak azpimarratu du "ordainketa guztiak Zuzendaritzarekin hitz egin eta adostu" zirela. Azaldu duenez, aurreko urtean bezala, Bigarren Mailara jaisteko arrisku bizian zegoen talde nafarra 2013an. "Zuzendaritzan hainbat neurri eztabaidatu genituen eta hori erabaki genuen. Zuzendaritzaren bilera hartan kide guztiak geunden", argitu du.
Vizcayk kontatu duenez, Osasunak ez zuen ordainketak egitek dirurik, eta Purroy zuzendaritzako kideak iradoki zuen bere senitarteko batek mailegua egin zezakeela.
Fiskalak azaldu du Albert Nolla eta Cristina Valencia higiezinen enpresako bi agenteri kontratu faltsua egin ziela Osasunak kontuetatik 900.000 euroko diru irteera justifikatzeko. Horri buruz itaunduta, Vizcayk esan du uste duela hala egin zela, baina azpimarratu du bera ez zela kontabilitateaz arduratzen. Horrez gain, adierazi du ez dakiela mailegu horiengatik zenbat ordaindu zitzaien.
Vizcayren arabera, zuzendaritzak adostu zuen Jesus Peralta arduratuko zela taldeekin izan beharreko hartu-emanez, baina bera ere joan beharko zela. "Batzuk ez ziren Peraltarekin fio, aurreko denboraldian dirua heldu behar zen tokira heldu ez zen susmoa zuten", argitu du.
Betiseko jokalariek milioi bat euro eskatu zuten
Hala, Betisekin jokatu beharreko partidarenak zehazteko Madrilera joan ziren Peralta eta biak, eta Antonio Amaya eta Xabier Torres jokalariekin batzartu zirela. Jokalariek milioi bat euro eskatu zieten, baina Osasunako kideek esan zieten ez zutela hainbeste diru.
Bestalde, Betisen eta Valladoliden arteko partidan iruzurra egiteko Osasunak 400.000 euro behar zituela azaldu du Vizcayk. "Ez geneukan dirutza hori. Azkenean klubeko hainbat kidek jarri genuen. Nik 60.000 euro eman nituen; Diego Marquirriain Osasuna Fundazioko zuzendariak eta Peraltak, beste 60.000na euro. Gainerakoa Lacturale Osasunaren babesleak ipini zuen", zehaztu du.
Vizcayren hitzetan, Marquirriaini ez zion argitu zertarako zen dirua, "klubaren beharrak asetzeko" zela baino ez zion esan. Lacturale enpresari, berriz, "klubaren ekonomia kaskarra zela, eta ordainketa batzuk egin behar genituela esan genion", adierazi du. Maurirrianek eraman omen zuen dirua Sevillara, zuzendaritzako kideek hala erabakita.
Figueras eta Torres Betiseko jokalari ohiak, epaitegira sartzen Argazkia: EFE
Espanyolen partidari dagokionez, Peraltak entregatu zuen berdinketarako dirua, bitartekari baten bidez.
Betisek Iruñeko partida gal zezan ordaindu beharreko 250.000 euroei dagokienez, berak eman zion dirua Antonio Amayari.
Iruzurrak iruzur, Osasunak ezin izan zion mailari eutsi.
Azkenik, aitortza zer dela eta egin zuen galdetu dio fiskalak Vizcayri, eta ea Ligak "mehatxurik" egin ote zion. "Inondik inora. Askatasun osoz eta nire borondatez aitortu nuen. Ligak bazuen susmoa eta ez nuen taldea kaltetu nahi", azaldu du.
11 akusatuek (Osasunako zuzendaritza taldeko sei kide, Betiseko hiru jokalari ohi eta higiezinen enpresa bateko bi agente) deklaratuko dute gaurko saioan. Hainbat delitu (bidegabeko jabetza, sozietate-delituak eta dokumentuak nahiz urteko kontuak faltsutzea) leporatu dizkiete.
Archancok ordainketa bakarra onartu du: Betisi, irabazteagatik
Gerora, Miguel Archanco presidente ohiak deklaratu du. Adierazi duenez, 2012tik 2014ra arteko epean eskudirutan ordaintzeko egindako diru-irteera guztiak Vizcayren ekimenez egin zituzten; halaber, zehaztu du ordainketa bakarra egin ziotela beste talde bati, Betisi hain zuzen ere: 400.000 euro eman zioten andaluziar klubari, Valladolidi irabazteagatik.
Ordainketa hori egiteko, "Vizcay jaunak aurkeztu zuen bere burua, borondatez", Zuzendaritza Batzaren bilera batean: "Pertsona bat ezagutzen zuen Betisen, materialaren arduraduna", azaldu du Archancok. Presidente ohiak ez daki dirua nori eman zitzaion, edo ordainketa nola egin zen.
"Huraxe izan zen aldi bakarra, eta Zuzendaritza Batzan hitz egin zen", esan du Archancok. Haren hitzetan, inoiz ez zioten ordaindu talde bati berdindu edo galtzeagatik.