Gizartea -
SAN SEBASTIAN EGUNA
Azken danbor-hotsak Donostian
Realeko emakumeen futbol eta hockey taldeetako jokalariek jaso dute Urrezko Danborra. Banderaren jaitsierarekin amaitu da festa, gauerdian.
eitb.eus
Banderaren jaitsierak eman dio amaiera San Sebastian egunari Konstituzio plazan. Hotz handia egin badu ere, danborrak eta barrilak astinduz berotu dira donostiarrak eta jai-giro paregabea sortu dute.
Eneko Goia alkateak jaitsi du bandera, udaletxe zaharreko balkoitik, plaza jendez gainezka zegoela. Ohi bezala, Union Artesana elkarteak eman dio bukaera 24 orduko festari.
Gauerdian entzun dira azkenekoz danbor eta barril hotsak Donostian.
Aurtengo Urrezko Danborra Realeko futbol eta hockey taldeetako jokalariek jaso dute. Pozik eta hunkituta jaso dute golardoa.
Ekitaldia udaletxean egin dute eta bertan ordezkari instituzional eta politiko ugari izan dira, hala nola, udal ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Arantxa Tapia, Cristina Uriarte eta Bingen Zupiria sailburuak, foru diputatuak eta Jokin Aperribay Realeko presidentea.
Eguerdian, Haur Danborradaren txanda izan da. Ia 5.000 neska-mutikok hartu dute parte, Donostiako 41 eskolaren 48 konpainiatan. Aimar Capa Danbor Nagusiak zuzendu du San Sebastian Martxa, eta, segituan, desfilea hasi da.
Festa atzo gauerdian lehertu zen, banderaren igoerarekin batera, Konstituzio plazan. Une horretatik eta 24 orduz danborrak eta barrilak etengabe astindu dituzte. 151 danborrada izan dira eta, guztira, 19.000 gizon-emakumek hartu dute parte.
BIDEOA | Realeko hockey eta futbol taldeetako neskek Urrezko Danborra jaso dute
BIDEOA | 4.800 haur baino gehiago irten dira kalera haurren danborradan