Gizartea -
Nafarroako Auzitegia
Osasuna auziaren epaiketa baliogabetzeko eskaerak atzera bota dituzte
Miguel Archanco Osasunako presidente ohia eta haren zuzendaritza taldeko bost zuzendari eseri dira akusatuen aulkian, baita Betiseko hiru jokalari ohi ere. Epaiketa otsailaren 28ra arte luzatuko da.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen honetan hasi da Nafarroako Lurralde Auzitegian Osasuna auziaren epaiketa. Miguel Archanco Osasunako presidente ohia eta haren zuzendaritza taldeko bost zuzendari, Betiseko hiru jokalari ohi eta higiezinen enpresa bateko bi agente daude auzipetuen artean. Bi futbol partida erostea eta beste hainbat delitu (bidegabeko jabetza, sozietate-delituak eta dokumentuak nahiz urteko kontuak faltsutzea) leporatzen dizkiete.
Defentsek epaiketa baliogabetzeko eskaerak egin dituzte, baina epai-mahaiak atzera bota ditu. Fiskaltzak egindako eskaera bat, berriz, onartu egin du, eta, ondorioz, akusatuen agerraldien ordenan aldaketak egin dituzte.
Gauzak horrela, auzipetuak astearte honetan hasiko dira deklaratzen, 09:30ean. Lehendabizikoa Angel Vizcay Osasunako zuzendari-kudeatzaile ohia izango da. Salako presidentearen esanetan, akusatu nagusia da.
Haren ostean deklaratuko dute Miguel Archancok eta Jesus Peralta zuzendari ohiak eta Sancho Bandres diruzain ohiak.
Asteazkenean, Juan Pascual Osasunako presidenteorde ohiaren eta Diego Maquirriain Osasuna Fundazioko zuzendari ohiaren txanda izango da. Halaber, egun horretan deklaratuko dute Cristina Valencia eta Alberto Nolla higiezinen enpresa bateko agenteek.
Azkenik, ostegunean, Antonio Amaya, Jordi Figueras eta Xabier Torres Betiseko futbolari ohiek deklaratuko dute.
Bestalde, defentsek helegitea aurkeztu dute epaiketa hasteko egun bakarra falta zela jakinarazi zietelako aretoan hainbat aldaketa izango zirela. Akusatuen abokatuek argudiatu dute "epaile naturala" izateko eskubidea urratu dela.
Magistratuek azaldu dute bi epaile gaixotu egin direlako eta epaiketan parte hartuko duten lekukoak eta adituak asko direlako egin behar izan dituztela aldaketa horiek. Ildo berean, onartu dute presaz hartutako erabakiak izan direla eta denbora-tarte txikiaren egin dituztela jakinarazpenak, baina azpimarratu dute Botere Judizialaren Lege Organikoaren arabera jokatu dutela eta, beraz, atzera bota dituzte defentsek aurkeztutako alegazioak.
Epai-mahaiko presidenteak esan du arrazoi horregatik epaiketa atzeratzea eskatzeko aukera izan dutela, baina aldeek ez dutela halakorik egin. Halaber, aretoaren osaketan egindako aldaketek akusatuen eskubideengan izan zitzaketen ondorioa zeintzuk diren azaldu ez dutela erantsi du.
Horrez gain, epai-mahaiak baztertu egin du Angel Vizcayk bidali zituen zenbait korreo elektroniko froga gisa onartzea.
Gai hori instrukzio fasean aztertu zela eta lehen sekzioak itxitzat eman zuela gogoratu du. Mezu horiek orain frogatzat onartuta, auzipetu horren intimitaterako eskubidea urratuko litzatekeela uste dute magistratuek.
Bestalde, Futbol Liga Profesionalak akusazio partikular moduan hartuko du parte epaiketan. Auzipetuen defentsek herri-akusazio izan dadila eskatu dute, baina epai-mahaiak uste du auzi honek kalte egin diola erakunde horri.
Archancoren abokatuak apustulari profesional bat deklaratzera deitzea eskatu du. Antza, gizon horrek jakinarazi zion Javier Tebas Ligako presidenteari Espanyol eta Osasunaren arteko berdinketaren alde 250.000 euroko apustua egin zela eta diru hori Vizcayk jarri omen zuela.
Epaiketa astelehen honetan hasi eta otsailaren 28ra arte luzatuko da. Guztira, 120 lekuko eta aditu igaroko dira epai-mahaiaren aurretik.
Leporatzen dizkieten delituak
Delituak, ustez, Miguel Archanco presidente zela egin zituzten, 2012tik 2014ra arteko epean, edo gerora, garai hartan legez kontra egindako ekintzak justifikatzea xede. Epaileak zehaztu zuen Osasunako zuzendariek gutxienez 2,2 milioi euro atera zituztela klubaren kontuetatik delituzko helburuekin edo zertarako erabili zituzten justifikatu gabe.
Partidetan ustez egindako iruzurraren gainean, epailearen iritziz, frogak zeuden ondorioztatzeko Osasunako agintari ohiek 650.000 euro eman zizkietela eskudirutan Antonio Amaya, Jordi Figueras eta Xavi Torres Betiseko jokalari ohiei: 400.000 euro Betis Valladolidi gailentzeko, 2013-14ko Ligaren azken aurreko jardunaldian (Betisek 4-3 irabazi duen); eta 250.000 euro Betisek Osasunaren aurka galtzeko, Sadarren Liga hartako azken partidan (Osasunak 2-1 irabazi zuen).
Osasuna, Valladolid eta Betis Bigarren Mailara jaitsi ziren 2013-14 denboraldiko Liga amaituta.