Gizartea -

ISTRIPUA LARRIA

Lizarrako autobus istripuaren arrazoiak ikertzen jarraitzen du Foruzaingoak

Hiru dolu egun ezarri dituzte Lizarran, Aiegin eta Arronitzen eta banderak masta erdian daude, autobusak harrapatutako haurren oroimenez. Euren ama larri dago.

Elkarretaratzea egin dute Aiegin, hildakoen alde. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzea egin dute Aiegin, hildakoen alde. Argazkia: EiTB
Hiru dolu egun ezarri dituzte Lizarran eta Aiegin

1:43

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foru Poliziak atzo Lizarran gertatu zen autobus istripuaren nondik norakoak argitzeko ikertzen jarraitzen du. 20:00ak pasata zirela, Logroño-Lizarra ibilbidea egiten zuen autobus batek kontrola galdu zuen hiriaren sarreran, eta, ondorioz, 15 auto eraman zituen aurretik eta gasolindegi baten kontra jo zuen.

Auto horietako baten barruan 41 urteko emakume bat eta 8 zein 5 urteko bere bi seme-alabak zihoazen. Neskatila hantxe bertan hil zen eta mutikoa gauean hil da ospitalean. Ama zauri larriekin eraman zuten ospitalera.

Gainera, istripua gertatu zenean handik zebilen 34 urteko emakume bat ere larri zauritu zen. Garcia Orcoyen Ospitalera eraman zuten, hanketan zauri larriekin.

36 urteko autobus gidaria, Iruñekoa izatez, onik atera zen. Une horretan autobusean zihoazen bidaiariek kontatu dutenez, gidaria "galgarik edo frenurik ez zuela" oihukatzen hasi zen ibilgailuaren kontrola galdu aurretik.

Foruzaingoaren Ikerketa eta Atestatuetarako Brigadak argitu beharko du orain ea balaztek huts egin zuten, eta, hala bada, zergatik. Dena dela, ofizialki ez da publiko egin istripuaren arrazoia.

Ikerketa Lizarrako epaitegi baten esku geratu da.

La Estellesa autobus konpainiak oharra publiko egin du bere web orrian: "Benetan sentitzen dugu atzo, ostirala, Lizarran gertatutako istripua. Gure atsekabea eta dolumina agertu nahi diegu biktimen senide eta lagunei, eta gertakari tragiko honetan zauritutako guztiak lehenbailehen sendatzea opa dugu".

Hiru dolu egun Lizarran, Aiegin eta Arronitzen

Lizarra eta inguruak jota geratu dira atzoko ezbeharrarekin.

Lizarrako Udaleko bozeramaile batzordeak hiru dolu egun izendatu ditu eta banderak erdira arte jaitsi ditu biktimen oroimenerako eta senideekiko elkartasunez.

Gainera, elkarretaratzea egin dute 12:00etan, biktimei babesa adierazteko. Gonzalo Fuentes Urriza alkateak esan du Udalaren baliabide material zein pertsonalak senideen zein hildako haurrek ikasten zuten Mater Dei eskolaren esku utzi dituztela.

BIDEOA: Gonzalo Fuentes, Lizarrako alkatea: "Bi zaurituak egonkor daude, larritasunaren barruan"

Alcalde de Estella: ''Dentro de la gravedad, las dos heridas se encuentran estables''
Alcalde de Estella: ''Dentro de la gravedad, las dos heridas se encuentran estables''
Alcalde de Estella: ''Dentro de la gravedad, las dos heridas se encuentran estables''

1:04

Nafarroako Aiegi herrian bizi ziren hildako haurrak, Lizarratik oso gertu. "Herritarrak ezin sinetsita" daudela esan du Leo Camaces alkateak eta amaren eboluzioa adi jarraitzen ari direla. Familia "oso ezaguna eta maitatua" zela ere adierazi du, "herrian egin behar zen edozein gauzatan laguntzen zuten horietakoak".

Familiari laguntza eta babes osoa eskaini die alkateak.

Aiegin ere 3 dolu egun deitu dituzte eta bertan behera geratu dira egun hauetan egitekoak ziren aisialdi ekitaldiak. Kirol taldeei ere gauza bera egiteko eskatu diete. Hain zuzen ere, Osasuna futbol taldeakminutu bateko isilunea egin du arratsalde honetan, Real Valladoliden aurkako partida hasi aurretik.

Ama bera eta familia Arronizkoak dira eta herri horrek ere hiru dolu egun ezarri ditu hildako haurrengatik. Era berean, herritarrek elkarretaratzea egin dute 13:00ak aldera.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak "min eta atsekabe sakona" adierazi du gertatutakoagatik.

Ohar baten bidez, Foru Gobernuko Hezkuntza Sailak adierazi du, "Nafarroako hezkuntza komunitate osoaren ordezkari gisa", Mater Dei ikastetxeko zuzendaritzarekin harremanetan jarri dela larunbat honetan, gertatutakoagatik sentitzen duten "mina" helarazteko.

Era berean, "hildako haurren familiaren, gelakideen, klaustroaren eta ikastetxeko zuzendaritzaren esanetara" jarri dira, "une honetan behar duten guztia egiteko, hezkuntza arloko dolu prozesuan espezializatutako zerbitzu baten laguntza barne" esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lizarra Errepideko istripuen biktimak