Gizartea -
Istripua
Lizarrako istripuan hildako neskatoaren anaia ere hil egin da
Autobus batek kontrola galdu, eta hainbat auto eraman zituen aurretik. Ibilgailuetako batean zegoen bost urteko neskatoa bertan hil zen, eta, bart, haren anaia zendu da. Ama ere oso larri dago.
agentziak | erredakzioa
Lizarran atzo izan zen istripuan hil zen neskatoaren anaia, bost urteko mutikoa, hil egin da bart, Foru Poliziak baieztatu duenez. Bi umeon ama larri dago erietxean.
Ezbeharra 20:10 aldera gertatu zen. Estellesaren autobus-gidari batek kontrola galdu du eta Carlos VII.a kaleko biribilgunean dagoen gasolindegia jo eta auto bat aurretik eraman zuen; bertako dendaren kontra jo zuen bete-betean ibilgailuak, eta txikituta geratu zen.
Autoaren barruan emakume bat eta haren bi seme-alabak zihoazen. Zortzi urteko neska istripuaren tokian bertan hil zen, eta egoera larrian geratu zen bost urteko anaia bart zendu da, Lizarrako Ospitalean. 41 urteko ama oso larri dago Nafarroako Ospitalean. Suhiltzaileek atera behar izan zituzten biktimak autoaren barrutik.
Aiegikoa zen familia eta Lizarratik harantz zihoazen istripua gertatu zenean.
Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da, baina, lehen ikerketen arabera, balaztek huts egin zioten autobusari eta ezin izan zuen gelditu azken autoak jo arte. Kontrolik gabe zihoala oinezko bat ere harrapatu zuen, 34 urteko Lizarrako emakume bat, eta larri eraman zuten Garcia Orcoyen Ospitalera.
Gelditu aurretik, 15 bat autorekin talka egin zuen.
Autobusean zihoan 17 urteko Deierriko mutil bat arin zauritu zen eta autobuseko txoferra, 36 urteko Iruñeko bizilaguna, onik atera zen.
Logroñotik abiatu zen autobuseko bidaiariek kontatu dutenez, gidariak "galgarik ez zuela" oihukatu zuen talka egin baino lehen.
Nafarroako Larrialdi zerbitzuek guardiako mediku zerbitzua, bi anbulantzia medikalizatu eta bi anbulantzia arrunt bidali zituen istripu lekura. Era berean, psikologo talde batek hainbat lagun artatu behar izan zituzten nerbio krisiak zirela eta.
Hiru dolu-egun
Gonzalo Fuentes Urriza Lizarrako alkateak Radio Euskadin esan duenez, hiru dolu-egun deitu dituzte herrian, ezbeharra dela eta.
Gaur bertan, bozeramaile batzordea egingo dute Udalean 11:00etan.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria Lizarrara joan ziren atzo iluntzean, ezbeharraren berri bertatik bertara izateko.
Berehala iritsi dira agintarien eta bestelako erakundeen elkartasun mezuak Lizarrako herriarentzat.
Hala, Maria Chivite Nafarroako presidenteak besarkada bat bidali die biktimei eta kaltetuen esku jarri du Gobernua. Unai Hualde (Geroa Bai) Parlamentuko presidenteak eta Javier Esparza UPNren buruak ere "elkartasuna" adierazi diete lizarrarrei. EH Bildutik eta Osasuna futbol taldetik ere iritsi dira babes mezuak.