Gizartea -
Petrokimika lantegia
Hiru dira jada Tarragonan izandako leherketaren ondorioz hildakoak
Bartzelonako Vall d’Hebron ospitalean egoera kritikoan, gorputzaren % 80 erreta, zegoena da azken hildakoa.
agentziak | erredakzioa
Atzo Tarragonako enpresa petrokimiko batean izandako leherketaren ondorioz Bartzelonako Vall d’Hebron ospitalean egoera kritikoan ingresatuta zegoen pertsona hil egin da, eta dagoeneko hiru dira leherketa horren eraginez hildakoak.
Aipatu ospitaleko iturriek eman dute heriotzaren berri. Hildakoa erreduren unitatean zegoen ospitaleratuta, gorputzaren % 80 erreta.
Vall d’Hebrongo areto horretan dago ospitaleratuta beste pertsona bat oso egoera larrian, aipatu iturrien arabera.
IQOXE enpresaren La Canonjako lantegian izandako leherketak beste pertsona bat ere larri zauritu zuen, erredurengatik, baina hori Tarragonako Joan XXIII Ospitalean dago ingresatuta.
Gainerako bostak arin zauritu ziren, eta horietako hiruk atzo bertan jaso zuten senda-agiria.