Gizartea -

Katalunia

Gizon bat hil da Tarragonako lantegi petrokimiko batean izandako eztandaren ondorioz

Gainera, lagun bat egoera kritikoan dago, beste bat larri, langile bat desagertuta dago, hain larri ez dagoen beste zauritu bat dago, eta bost lagun arin zauritu dira.

Leherketak sutea handia piztu du lantegian. Agentzietako bideo batetik hartutako irudia
Leherketak sutea handia piztu du lantegian.
Eztanda larria jazo da Tarragonako lantegi petrokimiko batean

2:57

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leherketa handi bat izan da astearte arratsaldean, Tarragonako La Canonja herrian dagoen industria-gune petrokimiko batean, eta gutxienez pertsona bat hil da, Kataluniako Gobernuak jakinarazi duenez. Horrez gain, langile bat egoera kritikoan dago, beste bat larri zauritu da, beste behargin bat desagertuta dago, hain larri ez dagoen beste zauritu bat dago, eta beste bost lagun arin zauritu dira (bi ospitalean daude).

Ezbeharra 18:40 inguruan jazo da, etilenoarekin lan egiten duen Iqoxe fabrikan, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko. Leherketaren ondorioz, sute handia piztu da. Ikertzen ari dira zergatik jazo den, eta, horrez gain, asteazken goizean berriro ekin diote desagertuta dagoen langilea bilatzeari.

Badaezpada, La Canonjako eta inguruan dauden hainbat udalerrietako herritarrei etxetik ez ateratzeko eta leihoak eta ateak ondo ixteko eskatu die Babes Zibilak. Alabaina, 19:30 aldera agindu hori bertan behera utzi dute, La Canonjan eta Vila-secan izan ezik; halaber, ordu batzuk geroago, jakinarazi dute ez dela laino toxikorik sortu.

Sute handia, eta dardarak eraikinetan

Leherketa gogorra izan da. Sute handia eragin du, eta garrak urrunetik ikusi ahal izan dituzte. Eztanda inguruko herrietan ere entzun dute, eta hainbat eraikinetan dardarak izan dira. 

19:00ak aldera, gizonezko bat hil da, leherketaren hedapen uhinaren ondorioz; izan ere, bera zegoen eraikinak dardara egin duenean, buruan kolpea hartu du, Tarragonako Udalak jakitera eman duenez. Garcia Lorca plazako erakin batean zegoen hildakoa, Tarragonako Torreforta auzoan, eta suhiltzaileen arabera, hiru solairuko eraikinean egiturazko elementu bat behera etorri da. 

Aipatu iturrien esanetan, etileno oxidoaren sua egonkortu egin dute, eta garren indarra txikitzea lortu dute. Gainera, lehenengo leherketak beste leherketa eta sute txikiago batzuk eragin dituela jakinarazi dute.

Torra: "Ez dago elementu toxikorik"

Ezbeharra gertatu den lekuan bertaratu dira Quim Torra presidentea, Pere Aragones Generalitateko presidenteordea eta Miquel Buch Barne kontseilaria, besteak beste. Torrak lasaitasuna eskatu du, "elementu toxikorik ez" dagoelako.

Sutearen ondorioz, industria-gunea zeharkatzen duen N-340 errepidea itxi egin dute zenbait orduz. Halaber, Renfek tren-zerbitzua geldiarazi du denbora tarte batean, Tarragonatik Reus eta PortAventurarako zatietan. Asteazken goizean, Renfek jakinarazi duenez, zerbitzuak etenda jarraitzen du, R13, R14, R15, R17, RT1 eta RT2 lineetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Katalunia Suteak Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak