Gizartea -
Santander
Santanderreko parke bat behera etorri da urbanizazio baten aparkalekuaren gainean
Asteleheneko 06:30 aldera jazo da. Oraingoz, ez dute jakinarazi biktimarik dagoen, baina Gema Igual alkateak aurreratu du balitekeela ez egotea.
Agentziak | Erredakzioa
Kirol-pista zuen haurrentzako parke bat behera etorri da goizeko lehen orduan Santanderren, eraikinetako urbanizazio baten lurpeko aparkalekuaren gainean. EFEri Udaltzaingoaren iturriek jakinarazi diotenez, biktimarik izan den ari dira ikertzen oraindik, baina Gema Igual alkateak aurreratu du hipotesi nagusia dela ez zegoela inor aparkalekuan gertakaria jazo denean, 06:30 aldera.
Luciano Malumbres eta Tomas y Valiente kaleetako elkargunean jazo da, Nueva Montaña auzoan. Etxeetako urbanizazioa Bahia de Santander merkataritza-gunearen aurrean dago, A-67 autobidearen ondoan (Santanderretik Mesetara abiatzeko irteera da hori).
Gertakaria jazo denetik, Santanderreko suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Babes Zibila, Guardia Zibila eta zerbitzu guztietako larrialdietako langileak daude aparkalekuan. Alkatea eta beste zinegotzi batzuk ere bertaratu dira.
Haurrentzako parkea eta kirol-pista txiki bat (bata bestearen ondoan zeuden) behera etorri dira, eta lurpeko aparkalekuaren gainean erori dira. Aparkalekua etxebizitzetako urbanizazio batena da.
Santanderreko alkateak aurreratu duenez, ematen du biktimarik ez dagoela
Gertakariaren ondorioak ikertzen ari diren bitartean, Santanderreko alkate Gema Igualek aurreratu du ematen duela biktimarik ez zegoela aparkalekuan, parkea behera etorri denean.
Igualek azaldu duenez, urbanizazioko bizilagunak Udalari laguntzen ari zaizkio, datuak bildu eta norbait falta den egiaztatzeko: "Orain arte, inork ez digu esan garajean norbait zegoenik", zehaztu die kazetariei.
Parkeko eta kirol-pistako gunearen azalera futbol-zelai batenaren tamainakoa da, eta, azpian, solairu bateko lurpeko aparkalekua dago. Guztira, 60-80 ibilgailu egon litezke. Urbanizazioa duela 14 bat urte eraiki zuen Kantabriako Gobernuarena den Gesvican enpresak; izan ere, etxebizitzak babes ofizialekoak dira.
Jose Luis Gochicoa Lan Publikoetako kontseilariak eskatu du itxarotea, teknikariek gertaturikoaren arrazoiak argitu arte, baina adierazi du baliteke erortzearen arrazoia izatea parkearen lurraren pisu handia, batez ere kontuan izanik azken hilabeteotan jausitako euria.