Gizartea -
SALAKETA PUBLIKOA
Juan Larreta, desgaitasunen bat dutenen plazak 'okupatzen' dituztenen akuilu
Elbarrientzat erreserbatutako plazetan txartelik izan gabe edo txartela faltsifikatuz aparkatzen duten iruzurgileen 2.500 argazki jaso ditu urte bakar batean.
EFE
Juan Larreta nafarrari esklerosi anizkoitz progresiboa diagnostikatu zioten 2007an eta azken urte honetan, desgaitasunen bat dutenen aparkaleku plazak 'okupatzen' dituztenen akuilu bihurtu da. Gizalegearen kontrako jarrera hauek dituztenak salatzeko, "Okupas motorizados" ekimena jarri zuen martxan duela urtebete, eta, denbora tarte horretan, 2.500 argazki jaso ditu.
51 urteko nafarra eskubaloiko atezain izan zen gaztetan eta Iruñeko San Antoniorekin Asobal Ligan ere jokatu zuen. Horregatik, diagnostikoa kolpe gogorra izan zela berarentzat kontatu du EFE agentziari emandako elkarrizketan. Urteek aurrera egin ahala okerrera egin du bere osasun egoerak eta iaz lana utzi behar izan zuen. Orduan konturatu zen, hain zuzen ere, zenbat jendek erabiltzen dituen gaizki edo modu iruzurtian, elbarrientzako erreserbatutako aparkatzeko lekuak.
Plaza hauek zein diren eta zeinentzat diren berehala ikusten den arren (gurpildun ahulki baten irudia agertzen da fondo urdin baten gainean), plaza horietan ibilgailu mota asko aparkatuta ikusi dituela salatu du Larretak, eta ez pertsona partikularrenak bakarrik, baita paketeria enpresenak, banatzaileenak, obretako makinak...
Desgaitasun txartelik izan gabe, txartela iraungita izanda, eta are larriagoa dena, txartela faltsifikatuta duten gidariak ere atzeman ditu Larretak urte honetan. Iruñeko Udalak 100 txartel erretiratzen ditu urtero, adibidez, arrazoi hauengatik.
Ekimenaren jatorria: Guardia Zibilaren auto bat horrelako plaza batean aparkatuta ikustea, merkatalgune batean
Orain urtebete lagun batek argazki bat bidali zion; bertan, Guardia Zibilaren auto bat agertzen zen, merkatalgune bateko desgaituentzako plaza batean aparkatuta. Argazkia birala egin zen eta komunikabide guztietan agertu zenean, Larretari salaketa horren bideari jarraipena ematea ote zitzaion. Juan Arconada @j_arconada izengoitiarekin kontuak ireki zituen Twitter eta Facebooken, "Okupas Motorizados" lelorekin, eta arau-hausleen argazkiak jasotzen hasi zen.
"Txartelik gabe aparkatzen zuen jendearekin hasi ginen, oso erraza baita detektatzeko, baina hilabete gutxian konturatu ginen askok gezurrezko txartelak, iraungitakoak, hildako pertsonenak, fotokopiak.... erabiltzen zituztela" kontatu du eta jende askok "fede txarrez jokatzen" duela ere salatu du.
270 pertsonak 2.500 argazki bidali dizkiot lehen urte honetan. Askotan, argazkia bidaltzen diotenek Poliziari ere deitzen diote argazkia ateratzearekin batera, eta auto horien jabeek 200-300 euro arteko isuna jasotzen dute.
Desgaituentzako aparkaleku plazak ez direla inolako "pribilegioa" gogoratzen du Larretak: "Nik ez daukat txartel hau izateko ilusio berezirik" eta egiten duena kritikatzen dutenei argi erantzuten die: "Zure hankak hartuko nituzke nire txartelaren truke".
Izan ere, arau-hausle horiek "gure lekuan jarriko balira, ez lukete hor aparkatuko" dio nafarrak. "Gogorra da bizitza elbarritasunen bat duzunean, eta plaza hauek pixka bat errazten dizute bizitza, bestela iritsiko ez zinatekeen tokietara irits baitzaitezke. Plaza horiek guri kentzea sinestezina egiten zait".
Dena dela, gustura emango luke amaitutzat ekimen hau, horrek jendeak ez duela jada horrelakorik egiten esan nahiko bailu: "Zenbat eta lehenago desagertu gu, orduan eta hobeto. Ea iristen den jendeak erabilera okerra egiteari uzten dion eguna eta inork jada argazkirik atera ezin dezakeen eguna" dio.