Gizartea -
LAN-ISTRIPUA
25 urteko zornotzar bat hil da Igorren, N-240 errepidean, bi autoren arteko istripuan
Ezbeharra 05:50 aldera jazo da, gaztea lanetik etxera bueltan zihoala. Beste ibilgailuko gidaria, 52 urteko bilbotar bat, larri zauritu da.
eitb.eus
Zornotzako 25 urteko bizilagun bat hil da gaur goizean Igorren (Bizkaia), N-240 errepidean, bi ibilgailuren artean izandako istripuan, Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez.
Ezbeharra 05:50 aldera jazo da, gizon gaztea gauez lan egin ostean etxera bidean zihoanean. UGT sindikatuak zehaztu duenez, biktima Gestampeko langilea zen, baina Gasteizko Mercedes-Benz lantegian ari zen beharrean.
UGTk ohartarazi du urtea hasi zenetik hiru langile hil direla Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ostegun honetarako elkarretaratzea deitu du lan-istripuak salatzeko.
Argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, BMW 530 batek eta Renault Megane Scenic batek aurrez aurre jo dute elkar N-240 errepidean, Igorreko saihesbidean.
Kolpearen ondorioz, bi gidariak harrapatuta geratu dira. Zornotzarra bertan hil da, eta beste gidaria, 52 urteko bilbotar bat, larri zaurituta eraman dute Galdakaoko Ospitalera.
Biktimaren hilotza Bizkaiko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute, epaileak aginduta. Ertzaintzak ikerketa abiatu du ezbeharra zelan gertatu den argitzeko.