Gizartea -

Indarkeria matxista

Nafarroako Gobernua Orkoiengo sexu-erasoaren auzian pertsonatuko da

Astelehen honetan Orkoiengo udaletxearen aurrean, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute. Foru Exekutiboak deialdiarekin bat egin du.

Orkoien (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Francisco Arbizu
Orkoien (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Francisco Arbizu
'Ikerketa luze eta zaila izan da atxilotuen datuak ezezagunak zirelako guretzat'

0:35

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orkoiengo emakume batek salatutako sexu-erasoaren auzian pertsonatuko dela iragarri du Nafarroako Gobernuak, salatutako gertakariak "oso larriak" direlako, ohar batean azaldu duenez.

Astelehen honetan Orkoiengo udaletxearen aurrean, 12:00etan, sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute. Foru Exekutiboak deialdiarekin bat egin du. "Emakumeenganako jokabide iraingarririk onartzen ez duen gizartea eraikitzea" eskatu die herritar guztiei, eta, horretarako, "indarkeria matxista guztiak gaitzestearen" beharra azaldu du.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak "Foruzaingoaren lana" goraipatu nahi izan du "bi hilabeteko ikerketa sakonaren ostean, ustezko egileak identifikatu, atxilotu eta epailearen esku jarri dituelako".

Era berean, Orkoiengo Udalaren eta Gobernuaren arteko lankidetza azpimarratu du Foru Exekutiboak, horrela "biktima modu egokian artatu eta ustezko erasotzaileen atxiloketarekin amaitu den ikerketa aurrera eraman ahal izan dutelako".

Nafarroako Gobernuak gertakariak "irmo gaitzetsi" ditu eta biktimari eta haren familiari elkartasuna adierazi die. Emakumeen aurkako erasoak "ez dira bakanak, emakumeen kontrako indarkeria testuinguru batean kokatu behar dira; gure gizartean gizon eta emakumeen artean dagoen desberdintasunen adierazpen basatiena da", gogorarazi du.

Horregatik, indarkeria prebenitzeko biderik "eraginkorrena politika publiko feministak" direla nabarmendu du Nafarroako Gobernuak. Zentzu horretan, "emakumeen bizitza, askatasuna, duintasuna eta hiritartasunaren aurkako eraso guztiekin bukatzeko erantzukizunarekin lanean" jarraituko duela agindu du Exekutiboak.

Gainera, "sexu-erasoak prebenitzeko eta emakumeen aurkako indarkeria egoerarik ez errepikatzeko" lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du Foru Gobernuak, "noizbait eraso edo indarkeria matxistaren biktimak izan diren emakume guztiei elkartasuna eta babesa emanez".

Bestalde, ikerketaren "zailtasun handia" azpimarratu du Foruzaingoak igande honetan. Mikel Santamaria Foruzaingoko komunikazio arduradunak azaldu duenez, gertakariak azaro bukaeran jazo ziren, Orkoienetik gertu dagoen parke publiko batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Tutera Salaketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Matxismoa Feminismoa Foruzaingoa