Gizartea -
EZBEHARRA
Baserri bat kiskali da Arantzan, baina ez da inor zauritu
Eguzkialdea auzoko Ximonenborda baserria erabat suntsituta geratu da. Gainera, bertako bizilagunen senide batek istripua izan du hara joatean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sutea izan da bart Arantzako baserri batean, eta, ondorioz, erabat kiskalita geratu da eraikina. Zorionez, bertan bizi diren pertsonak ez dira zauritu, baina suteaz jabetu zen senide batek auto-istripua izan du bertara zihoala.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, Arantzatik gertu dagoen Eguzkialdea auzoko Ximonenborda baserrian izan da sutea. 21:46 aldera SOS Nafarroara deitu zuen bizilagun batek, sutearen berri emateko.
Berehala bertaratu ziren Oronozko suhiltzaileak, Cordovillakoak eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak, baina ezin izan zuten saihestu suak baserria desegitea, iritsi zirenerako sua oso zabalduta baitzegoen.
Teilatua erori egin zen eta suhiltzaileek ezin izan zuten barrura sartu. Hala, kanpotik itzali behar izan zuten sua.
Bi pertsona heldu bizi dira baserrian. Beraiek zauritu ez diren arren, sutea izan zela jakin bezain pronto haiengana zihoan iloba batek istripua izan zuen NA-4020 errepidean. 5 metrotik behera erori zen eta Oronozko suhiltzaileek artatu behar izan zuten. Kolpea zuen bularraldean baina ez zuten ospitalera eraman behar izan.
Interbentzioan aritu zen sarjentuak eskerrak eman dizkie Lesakako boluntarioei eta Oronozkoei. Gauerdian lortu dute sua itzaltzea eta talde bat zaintza lanetan geratu da, sua berriz ere ez zela pizten egiaztatzeko.
Foruzaingoak ikerketa ireki du, sutea nola piztu den argitzeko. Ez dute baztertzen tximiniatik hasi izana; izan ere, atzo bertan, arrazoi horregatik bi sute izan ziren Ollakarizketan eta Lekunberrin. Hori ikusita, tximiniak garbi mantentzeko gomendatu dute suhiltzaileek.