Gizartea -
Erregetako loteria
Erregetako loteriak 1,4 milioi euro baino gehiago utzi ditu EAEn eta Nafarroan
Bigarren saria (21.816) oso banatuta dago, eta besteak beste, Iruñean, Tuteran, Andoainen, Pasaian, Hernanin, Donostian eta Abadiñon egokitu da.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen honetan egindako Erregetako loteriaren zozketa bereziak 1.450.000 euro utzi ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Zehazki, 400.000 euro lehen sariari dagozkio, 57.342 zenbakiari, hain zuzen ere. Zenbaki horretatik bi dezimo saldu dira Donostiako Erregina Erregentearen kaleko 5. zenbakian dagoen estankoan.
Bigarren saria 21.816 zenbakiari egokitu zaio, eta horrek 375.000 euro utzi ditu EAEn, bost dezimo saldu baitira guztira: bat Donostian, eta gainerakoak Abadiñon (Bizkaia), Hernanin, Pasaian eta Andoianen (Gipuzkoa), Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak jakinarazi duenez.
Arabak, ordea, ez du zorterik izan gaurko zozketan. Erregetako loteriaren lehen saria zazpigarren aldiz egokitu da Donostian, ia 50 urte igaro ondoren, azkena 1972an izan baitzen.
Nafarroan, bigarren sariak 675.000 euro utzi ditu saritan. Zehazki, Iruñean, San Nikolas kaleko 19 zenbakian dagoen loteria administrazioak bigarren sariaren (450.000 euro) sei ordainagiri saldu ditu. Gainera, Iruñeko Pico de Ori kaleko 2 zenbakian dagoen establezimenduak bi dezimo saldu ditu (150.000 euro). Bestalde, Tuterako Ador kaleko 1. zenbakian dagoen estankoak bigarren sariaren gordekina saldu du (75.000 euro).
Errege loteriako lehen saria serieko 2.000.000 eurokoa izan da (200.000 euro dezimoko). Bigarren saria serieko 750.000 eurokoa da (25.000 euro dezimoko). Gainera, 3.500 euroko 20 sari banatzen dituzte eta 1.000 euroko beste 1.400 sari serieko.
Andoainen, bigarren sariko dezimoa saldu duen administrazioa Kale Nagusiko 22 zenbakian kokatuta dago. Pasai Trintxerpekoa, ordea, Azkuene kaleko bigarren zenbakian egokitu da.
Hernanin saria banatu duen administrazioa Lantsunde Auzoko zazpigarren zenbakian dago. Gipuzkoako hiriburuan, 21.186 zenbakia saldu duen administrazioa Jose Maria Salaverria kaleko 39 zenbakian kokatuta dago.
Abadiñon, bigarren sariaren zati bat Zubibitarte kaleko 11 zenbakiko administrazioan banatu da.
Zozketa 12:00etan hasi da Estatuko Loteria eta Apustuen Sozietatearen aretoan, bonbo-sistema anizkoitza erabiliz.
Bilbo, EAEko lehen sari gehien irabazi duen hiriburua
Orain arte, Erregeen loteriako lehen saria 32 aldiz egokitu da Euskadin. Azkeneko aldiz, 2018an, Bilboko administrazio batek 100 milioi euro banatu baitzituen.
Bilbo da Erregeen loterian lehen sari gehien izan dituen hiriburua, guztira 18. Lehena 1916an izan zen, eta azkena, duela bi urte. Gainera, Bizkaian, hain zuzen ere, Getxon hiru aldiz egokitu da saria (1982, 1986 eta 1998) eta Barakaldon behin (1998).
Gipuzkoan, bederatzi aldiz banatu da zozketa honen lehen saria. Horietako sei Donostiako administrazioetan saldu dute, eta Gipuzkoako hiriburuan ere egokitu zen lehen aldiz Erregeen loteriaren sari nagusia (1923an) eta azkena, 1972an. Lehen sariarekin ere saritu dituzte Azkoitia (1995), Oñate (1963) eta Pasai Antxo (2016).
Araban, Erregeen zozketak behin bakarrik banatu du lehen saria. 1987an egokitu zen, eta ordutik ez da berriro saldu.
Euskal herritarrek, batez beste, 23,55na euro jokatu dituzte
Euskal herritarrek, batez beste, 23,55na euro jokatu dituzte zozketa honetan. Estatuko batezbestekoa gainditzen dute; izan ere, hori 18,21 eurokoa da. Nolanahi ere, kalkulu horiek behin-behinekoak dira; behin betikoak izateko, hilaren 5era arte itxaron beharko dugu, orduan jakingo baita EAEn salgai zeuden 258.964 txarteletatik zenbat saldu diren (23,55 euroko datua guztiz zuzena izango litzateke txartel guztiak salduko balira).
Ohi bezala, bizkaitarrek jokatu dute diru-kopururik handiena, 31,21na euro; arabarrek 17,75na euro jokatu dituzte, eta gipuzkoarrek 15,57na.
Sari nagusia 32 aldiz egokitu da Euskadin, 2018an azkenengoz; urte hartan, sari potoloa Bilbon saldu zen, osorik. Hain zuzen ere, Bilbon egokitu da sari nagusia EAEko beste inon baino gehiagotan, 18 aldiz. Donostian 6 aldiz egokitu da, eta Getxon ere 6 aldiz.
Gasteizen, eta Araban behin bakarrik egokitu da, 1987an; Barakaldon, Azkoitian, Oñatin eta Pasai Antxon ere, behin.
Ogasunerako diru-sarrera ia % 19 txikiagoa izango da
Ogasun Ministerioaren teknikoen aurreikuspenen arabera, Erregetako loteriaren sariengatik Ogasunak jasoko dituen ditu-sarrerak 19,5 milioi eurokoak izango dira, lehen eta bigarren sariko dezimo guztiak salduz gero. 2019ko datuekin alderatuta, 4,5 milioi euro gutxiago da hori, % 18,7 gutxiago. Arrazoia da zerga-ordainketarako libre dagoen gutxienekoa 40.000 eurokoa dela, hau da, orain arteko bikoitza.
Hala, lehen bi sarietako dezimo bakoitzagatik, Ogasunak 4.000 euro gutxiago jasoko ditu; hirugarren sarietako dezimoetan, 1.000na euro galduko ditu. Hirugarren sari horrek, aurten, ez du zergarik ordaindu beharko, eta, hortaz, saridunek 25.000 euroko saria jasoko dute, osorik.
Guztira, 50 serie eman dituzte, eta serie bakoitzak 100.000 txartel ditu; txartelek 200na euro balio dute, hau da, 20na euro dezimo bakoitzak. Emisioaren guztizkoa 1.000.000.000 eurokoa da.