Gizartea -

Urte Berria

Samoan eta Kiribatin egiten diote ongietorria Urte Berriari beste inon baino lehenago

Hala zehazten du Data Aldaketaren Nazioarteko Lerroa. Hain zuzen ere, Euskal Herriko 11:00etan iritsi da 2020 bi herrialde horietara.

Australiako Brisbane hirian Euskal Herriko 15:00etan ospatu dute Urte Berria. Argazkia: EFE.
Australiako Brisbane hirian Euskal Herriko 15:00etan ospatu dute Urte Berria. Argazkia: EFE.
Australiako Brisbane hirian Euskal Herriko 15:00etan ospatu dute Urte Berria. Argazkia: EFE.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Non egiten diote ongietorria Urte Berriari beste inon baino lehenago? Bada, Samoan eta Kiribatin. Hain zuzen ere, Euskal Herriko 11:00etan iritsi da 2020 Ozeaniako bi herrialde horietara, alegia, Kanpaiak entzun eta mahatsak jateko hamahiru ordu falta zaizkigula. Data Aldaketaren Nazioarteko Lerroak eragiten du hori; izan ere, Lerro horrek zehazten du herrialde bakoitza zein egunetan bizi den.

Kiribati uhartetar herrialdea da. Australiako ipar-mendebaldean dago, eta 33 koral-uhartek eta sumendi-uharte batek osatzen dute. 1979tik da Estatu independentea, eta 1999an sartu zen Nazio Batuetan. Bertan, Urte Berriari ongietorria egiteko ospakizunak Kiritimati uhartean oinarritzen dira; izan ere, hori da jendeztatutako munduko lehen tokia urtea estreinatzeko. Caroline uhartera iritsi da lehenago 2020, hori bai, Kiribatiko lurralde ekialdetarrena baita.

Samoari dagokionez, bitxikeria bat dago: duela hamar urte baino gutxiago daramatza urte berriari ongietorria beste inork baino lehenago egiten. Hain zuzen ere, 2011n hasi zen horrela egiten. Samoa 1962tik da independentea, eta 1976tik da Nazio Batuetako kide; nolabait, 2011ko abenduaren 30ean ez zuten ezer ere egin bertako herritarrek, egun hori Samoan ez baitzen existitu. Samoarrak abenduaren 29tik 31ra igaro ziren, zuzenean, urte hartan.

Zergatik aldatu zuten egutegia? Xedea izan zen herrialdeko ekonomia bultzatzea, Zeelanda Berriarekin, Australiarekin eta Txinarekin negozioak eginez; horretarako, ordutegia hiru herrialde horietakoa kontuan izanik moldatu zuten. Eta nola egin zuten hori? Erraz: Data Aldaketaren Nazioarteko Lerroko ezkerretara mugitu ziren.

Samoa Estatubatuarrera, inora baino beranduago

Ordura arte, Samoa izaten zen Urte Berriari "kaixo" esateko azken herrialdeetako bat. Eta horrela jarraitzen du Samoa Estatubatuarrak; Samoaren ekialdean dago AEBrena den lurralde hori, eta 2020 inon baino beranduago iritsiko da bertara, jendeztatutako lurraldeak kontuan izanik, behintzat. Samoako Gobernuak 2011rako erabakitako data-aldaketan tartean ez zegoenez, Samoa Estatubatuarrak jarraitzen du ospatzen Urte Berria euskal herritarrok baino hamabi ordu geroago, beti egin izan duen bezala.

Data Aldaketaren Nazioarteko Lerroak eragiten du, esan bezala, hau dena. Ozeano Barean marratutako lerro irudikaria da; ez da zuzena, hainbat herrialdek euren mesederako kokatzen baitute eskuinetara ala ezkerretara. Horrek zehazten du zein egun den munduko herrialde bakoitzean. 'Munduari bira 80 egunetan' eleberrian (Jules Vernerena da, eta 1872an argitaratu zuten), Phileas Fogg protagonistak Eguzkirantz egin zuen bidaia, mendebaldetik ekialdera, Lerroa ezkerretik eskuinetara zeharkatu zuenez, egun bat irabazi zuen Fogg jaunak, eta egindako apustuan garaile atera zen.

Sydney izan da 2020 sartu den munduko lehen hiri handia; bertan, Euskal Herriko 14:00etan egin diote ongietorria Urte Berriari, ohi bezala. Sydneyko Operaren inguruan, milaka eta milaka lagun bildu dira ospatzeko; Kiribatin eta Samoan 2020ko urtarrilaren 1eko 03:00etan zeuden orduan, dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak