Gizartea -

Urtezahar egunean

Bide publikoan petardoak piztea debekatuta dagoela gogorarazi du Donostiako Udalak

Urtezahar gauean petardoak piztu nahi dituzten herritarrei "sen ona" eskatu die Donostiako Udalak. Halaber, horrelako lehergailuak baimen berezia duten dendetan erosi behar direla esan du.

Su artifizialak, Donostiako Aste Nagusian. Artxiboko argazkia: EFE
Su artifizialak, Donostiako Aste Nagusian.
Su artifizialak, Donostiako Aste Nagusian. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak material piroteknikoa legez kanpo sal dezaketen saltokien ikuskapena indartu du, eta espazio publikoan horiek erabiltzea debekatuta dagoela gogorarazi du. Halaber, Urtezahar gauean petardoak eta suziriak piztu nahi dituzten herritarrei "sen ona" eskatu die Udalak.

Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak nabarmendu du horrelako lehergailuak saltzeko baimen berezia duten dendetan erosi behar direla, eta, beraz, "erabat debekatuta" dagoela kaleko salmenta.

Ibabek gogorarazi duenez, baimen berezia duten establezimenduek, "uneoro" erakutsi beharko dute horretarako  baimena dutela, eta lehergailuak saltzeko unitatea paketea da, beraz, ezin dira solte saldu. Horrez gain, lehergailu pirotekniko bakoitzak erabiltzeko gutxieneko adina du, eta horiek errespetatu behar dira. Halaber, dendariek saltzen dituzten produktuek CE ikurra izan behar dute, eta katalogatuta egon behar dira, ondorioz, erabat debekatuta dago lehergailu piroteknikoak kalean saltzea.

Testuinguru horretan, Ibabek gogorarazi du iaz material horren 32 kiloko konfiskatu zirela Gipuzkoako hiriburuan, baimenik gabe saltzeagatik.

Gainera, segurtasun-arauak errespetatzeko eskatu die petardoak edota suziriak erosten dituzten herritarrei, alegia, poltsikoetan ez gordetzea, horien osagaiak ez manipulatzea eta pertsonen edo animalien aurka ez botatzea piztuta daudenean.

Halaber, lehergailu piroteknikoak eskuarekin ez manipulatzea gomendatzen da, baizik eta artikulua lurrean jartzea eta metxa albo batetik piztea. Gainera,  lehergailu horiek adreilu edo botiletan inoiz ez sartzea aholkatu du Udalak, metraila sortu dezakete eta. Horrez gain, petardo edo suziri bat ez bada ondo pizten, ordu erdi igaro arte ez ukitzeko aholkatu du.

Bestalde, Irungo Udalak, bide publikoa erabiltzea, okupatzea eta garbitzea arautzen duen gizalegezko jokabideari buruzko udal-ordenantza gogorarazten ari da egun hauetan, kalean petardoak, bengalak eta antzekoak erabiltzea berariaz debekatzen dela azpimarratuz, berariazko baimenik ez bada. Ildo horretatik, arau-hauste horrek 750 eurorainoko isuna ere ekarri dezakeela nabarmendu du.

Irugo Udalak ohartarazi duenez, 12 urtetik gorakoek bakarrik eros ditzakete petardoak edo antzekoak, eta, 12 eta 16 urtetik gorakoek, "bonbeta argitsuak" edota arrisku eta zarata-maila txikiko petardoak. Gainerako lehergai piroteknikoak erosteko, ezinbestekoa da 18 urte beteta izatea eta berariazko baimena edukitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Gabonak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak