Gizartea -
EHU-ko adituak
Neandertalen gorpuzkiak berraurkitu dituzte Barandiaranek egindako aurkikuntzetan
Bi esne-hortz, indibiduo heldu baten beste gorpuzki bat eta burezur zati bat dira. Barandiaranek topatu zituen 1967 eta 1974 artean egindako indusketetan Axlorren, Diman.
Agentzia | Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) adituek zuzendutako nazioarteko talde batek Neandertalgo gizakien bi esne-hortz, indibiduo heldu baten beste gorpuzki bat eta burezur zati bat berraurkitu dituzte fosilen bilduma zahar batean. Euskadin sekula identifikatutako neandertal gorpuzki kopuru handiena da.
Asier Gomez-Olivencia EHUko Paleontologia eta Estratigrafia departamentuko Ramon y Cajal ikertzaileak jakitera eman duenez, gorpuzkiak Jose Miguel de Barandiaran prehistorialariak aurkitu zituen 1967 eta 1974 artean egindako indusketetan Axlorren, Diman (Bizkaia).
Orain arte, hiru fosil neandertalen berri zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko aztarnategietan. Gainera, Bilboko Arkeologi Museoak Axlorreko hiru hortz zituen ikusgai orain arte. Horiek Neandertalgo gizakienak zirela uste zuten, baina ikerketa berriak Homo sapiensen gorpuzkiak direla baieztatu dute. Joseba Rios-Garaizar Giza Garapeneko Ikerketa Zentro Nazionaleko (CENIEH) kideak zuzendu du lantaldea, Gomez-Olivenciarekin batera.
Aurkikuntza berria egin duen proiektua, "apur bat, halabeharrez" abiatu zela onartu du Gomez-Olivenciak. Europan desagertutako kanido baten fosilak topatu nahi zituen egitasmo batekin hasi ziren lanean.
Esne-hortzak. Irudia: EFE/HU/Asier Gomez-Olivencia
"Helburu horrekin Barandiaranek Axlorren egindako indusketak berriz aztertzen hasi ginen, eta ezusteko batzuk aurkitu genituen", gogorarazi du Gomez-Olivenciak.Aurrena neandertalen mozketa markak zituzten arrano beltz, bele, katamotz eta otso hezur batzuekin tupust egin zuten; aurkikuntza "aparta" zen; izan ere, "mota horretako aurrena zen" Kantauri isurialdean.
"Giza esne-hortz bat topatzea bigarrena izan zen", zehaztu du adituak. Azken aurkikuntza honek "nazioarteko ikerketa talde bat osatzera" bultzatu zuela argitu du, "bilduma zaharra sakonago berriz aztertzeko".
Ikerketaren emaitzak American Journal of Physical Anthropology aldizkari ospetsuak argitaratuko ditu. University College of London, Pariseko Museum National d'Histoire Naturelle, Madrileko Complutense, Bartzelonako Autonoma eta Ikerbasque ikerketa zentroko adituek parte hartu dute, EHUren koordinazioarekin.
Arrano beltzaren (Aquila chrysaetos) izterrezur zatia. Irudia: EFE
Teknologia berriei esker, Arkeologi Museoko hiru hortzak Homo sapiensenak direla egiaztatu ahal izan dute, nahiz eta 40 urtez neandertalenak zirela pentsatu.
Hala ere, "ezustekorik" handiena zain zuten oraindik; izan ere, Barandiaranen bilduma zaharrean neandertalen gorpuzkiak gordetzen zituen museoak: esneko ebakortz eta atzeko hagin bat, heldu baten ebakortz bat eta adin txikiko baten hezur parietalaren zati bat.
Gomez-Olivenciaren arabera, "neandertalak ulertzeko" Axlorreko aztarnategiaren "garrantzia handia" agerian utzi dute aurkikuntza berriek.