Gizartea -
BIZKAIA
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, etxe eta ibilgailu baten aurka tiro egitegatik
Erasotzaileak 30 urte ditu eta hilketa saiakera leporatu diote. Etxebizitzaren eta autoaren jabea atxilotuaren ezagun bat da.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Bilbon, hilketa saiakera egotzita, etxebizitza baten eta ibilgailu baten aurka egindako tiroketan parte hartu duelakoan.
Gertakariak bart izan dira, 00:30ak aldera, Bilbon. Etxearen eta ibilgailuaren jabeak Ertzaintzari esan dionez, ezagun batek hiltzeko mehatxua egin zion. Hainbat tiro egin ondoren, ustezko erasotzaileak auto batean ihes egin du beste pertsona baten laguntzarekin.
Ibilgailuak eta fatxadak bala zuloak zituztela egiaztatu du Ertzaintzak, eta jaurtigai bat zein kartutxo detonagailu bat aurkitu dituzte handik gertu. Era berean, erasotzaileak ihes egiteko erabili duen ibilgailua ere aurkitu dute.
Agenteek gidaria identifikatu dute. Ustezko erasotzailearen senide bat da, eta atxilotu egin dute, hilketa saiakera egotzita. Ikerketa zabalik dago tiroketan parte hartu duen beste pertsona aurkitzeko.