Gizartea -
Eguraldia
Alerta laranja haize bolada bortitzak direla-eta
Nafarroan, haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dute zenbait gunetan, eta Donostiako buiak 20 metroko olatuak izan ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Euskalmetek jakinarazi duenez, abisu horia ezarri dute kostaldean haizeagatik 15:00etatik 21:00etara. Arratsaldeko lehen orduetan hego-mendebaldeko haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, eta haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete kostaldeko haizeguneetan. Itsasertzetik gertu ez dauden lekuetan, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize-boladek 60-70 km/h-ko abiadura gaindi dezakete.
Era berean, Euskal Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du itsasaldeko arriskuagatik 00:00etatik 21:00etara. Olatuek 4-5 metrotik gorako altuera izan daiteke. 21:00etatik 24:00etara abisu horia izango da ere, arrazoi beragatik. Era berean, kostaldean izango duen inpaktuagatik abisu horia ezarri dute 00:00etatik 21:00etara.
Nafarroan, depresioak jarraituko du gaur; izan ere, iparraldeko herenean, goizaldean eta arratsaldean, haize-bolada oso gogorrak espero dira, eta mendebaldeko goi-guneetan, berriz, eguerdi partean.
Alerta 16:00etan hasi eta gauerdian amaituko da. Haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko du.
Azken orduetan haize bolada bortitzak izan dira Nafarroan, eta 100 km/h-ko abiadura gainditu dute zenbait puntutan. Estatuko Meteorologia Agentziaren arabera, 104 km/h-ko abiadura hartu dute Monrealen eta Bardean.
70 km/h-tik gorako haize-boladak izan dira aireportuan 82 km/h, Casedan 79 km/h, Urantzian 78 km/h, Irurtzunen 77 km/h edo Larragan 76 km/h.
Donostian, kostaldetik 16 miliara dagoen buiak 20 metroko olatuak izan ditu igandeko 2:00ak aldera, eta 8 metroko altuera esanguratsua izan du (olatu altuenen herenen batez bestekoa).
Denboraleak ez du kalte handirik eragin, baina gorabehera txikiak izan dira, hala nola, zabor-edukiontziak eta hiri-altzariak mugitu direlako, Gipuzkoako suhiltzaileek jakitera eman dutenez.
Nafarroan, ordea, haize bortitzaren ondorioz, txapazko teilatu bat erauzi dute larunbat honetan Cabanillaseko (Nafarroa) Francisco Javier kalean, Foruzaingoak jakitera eman duenez.
Bizkaiko suhiltzaileek ere esku hartu dute bart Morgan, Nabarnizen, Arrietan, Mungian eta Bermeon.
Abenduaren 23rako aurreikuspenak
Bihar, abisu horia ezarriko dute itsasaldeko arriskuagatik, eta 00:00etatik 06:00etara nabigatu ahal izango da. Olatuek 4-5 metroko altuera izan dezakete eta goizaldean 3,5 metrotik behera jaitsiko da.
01:00etatik 03:00etara, abisu horia mantenduko da itsasaldeko arriskuagatik. Olatuen altuera, 4-4,5 metro ingurukoa izan daiteke.