Gizartea -

Eguraldia

Haize-ufada indartsuek arazo ugari eragin dituzte

Goizaldean, haize-ufada bortitzak izan dira gure lurraldeko hainbat tokitan, eta maximoek 169,7 km/h-ko abiadura harrapatu dute Urduñan.

Haize-ufada indartsuek arazo ugari eragin dituzte Getxon. Argazkia: @Euskalmet
Haize-ufada indartsuek arazo ugari eragin dituzte Getxon.
Haize-ufada bortitzek hainbat arazo eragin dituzte Bizkaian

1:24

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorabehera eta arazo ugari izan dira azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, Elsa depresioak eragindako haize-ufada indartsuen eraginez. Izan ere, dozenaka zuhaitz handi erori dira, pertsiana batzuk zintzilik geratu dira eta Gabonetako argiztapenean ere arazoak sortu dira, besteak beste.

Getxon, 119 km/h-ko abiadura zuten haize-boladak neurtu dituzte, eta zuhaitz handi bat errepidera erori da Makaleta etorbidean. Ondorioz, kalte handiak eragin ditu bertan aparkatuta zeuden bi ibilgailutan, eta suhiltzaileek bertaratu behar izan dute.

Dena dela, hori ez da izan Bizkaiko suhiltzaileek egin behar izan duten esku-hartze bakarra, Zierbena, Ortuella, Balmaseda, Leioa, Lezama, Santurtzi eta Gernikako hainbat tokitara ere joan behar izan baitute.

Nafarroan ere, arazo ugari eragin ditu Elsa depresioak, eta Ibañetan, zazpi erromesi Orreagara iristen lagundu behar izan diete. Maximoak 90-100 km/h-ko abiadura harrapatu dute haize-boladek erdialdean eta iparraldean. Noainen, 104 km/h-ko abiadura izan du bolada indartsuenak; Oroz-Betelun, 102koa; Izaban, 99koa; eta Kasedan, 96koa. Monrealen, haize-ufadek 128 km/h-ko abiadura hartu dute, baina oraingoz behin-behineko datua da, datozen orduotan baieztatu behar baitute.

Horrez gain, Aniz eta Irurita arteko errepidea moztuta geratu da hainbat puntutan, zuhaitz batzuk errepidera erori ondoren, eta Ziga errepidez isolatuta egon da, suhiltzaileek jakinarazi dutenez.

Iruñean ere, esku-hartze ugari egin behar izan dituzte suhiltzaileek, haize bortitza dela eta, batez ere teilak eta zuhaitzak erori direlako. Irurtzungo parrokiako etxean ere, kalteak eragin ditu haizeak. Horrez gain, Elsa depresioak sabaiko egitura bat eraitsi du Mutiloan.

Denboralearen unerik txarrenak 21:30 aldera izan ziren, haize-ufadek 70 km/h-ko abiadura gainditu baitzuten ekaitzak egon ez ziren lekuetan. Haizeguneetan, berriz, 120 km/h-ko abiadura hartu zuten kasu askotan, Euskalmetek jakitera eman duenez.

Hala, Ordunten, Garbean eta Oizen 123 km/h-ko abiadura gainditu zuten maximoek, eta Andoainen, Zizurkilen, Bidania-Goiatzen eta Deustun, berriz, 90 km/h-koa. Iurretan, 87,3 km/h-ko abiadura hartu zuen haizeak, eta Gardean eta Ordizian, 80 km/h-koa gainditu zuen.

Zarautzen ere, 100 km/h-ko abiadura gainditu zen, baina Urduñan izan zen ufadarik indartsuena, 01:40an, haizeak 169 km/h-ko abiadura gainditu baitzuen, Euskalmetek emandako datuen arabera. Alabaina, datu hori oraindik baieztatu gabe dagoela nabarmendu du.

Artziniegan, udaletxe ondoan jarritako zuhaitz bat erori zen haize-ufada indartsuen ondorioz, eta herria ilunpetan geratu zen, erabiltzaile batzuek sare sozialen bidez esan zutenez.

Azken orduetan, haizea baretu egin da eta frontea urrundu egin da, baina asteburu honetarako beste denborale bat espero da, Fabien depresioa. Hala, Euskalmeten iragarpenaren arabera, ufada indartsuenak kostaldean nabarituko dira bereziki.

Asturiasen eta Galizian bi pertsona hil dira Elsa denboralearen ondorioz, eta Portugalen ere bi hildako utzi ditu.

Gomendioak

Datozen orduetan haize-ufada handiak espero direnez, Nafarroako Suhiltzaileek errepidean arreta handiz ibiltzeko gomendatu dute, eta balkoietan eta leihoetan ezer ez uzteko. Halaber, zuhaitzak dauden guneetatik paseatzeko orduan kontuz ibiltzeko eskatu dute, eta edozein ezbeharren aurrean, berehala abisatzeko.

Bestalde, erlaitz, horma, zuhaitz edo publizitate hesietatik urruntzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Halaber, alerta laranja indarrean dagoen bitartean, autoa ez hartzeko gomendatu du, eta errepideetatik joan-etorriak egin behar izatekotan, kontu handiz ibiltzeko.

Hala, ohar batean zabaldu dituen prebentzio-neurriak hartzeko eskatu die Jaurlaritzak herritarrei, hala nola loreontziak balkoietatik kenduz eta ateak eta leihoak itxiz. Kalean egonez gero, alerta laranja indarrean dagoen bitartean, eta behar-beharrezkoa ez bada, mendira ez joateko eskatu die herritarrei. Nahitaez joan behar izanez gero, berriz, arretaz ibiltzeko eta babes-neurriak hartzeko eskatu du.

Arazoak ostegun goizaldean hasi ziren

Euskalmetek 133 km/h-ko abiadura harrapatu zuten haize-ufadak neurtu zituen ostegun goizaldean Karrantzan (Bizkaia). Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan alerta laranjak ezarri zituzten egun osoan, haizeagatik.

Matxitxako lurmuturrean, adibidez, 120 km/h-ko abiadura gainditu zuen haizeak asteazken arratsaldean, eta, Oizen, 103 km/h-ko abiadura harrapatu zuten haize-ufadek. Deustun, 81 km/h-ko haize-boladak neurtu zituzten egunaren bigarren partean.

Ostegunean ere, haize-ufada handiak izan ziren goizaldean, eta 100 km/h-ko abiadura gainditu zuten gure lurraldeko hainbat tokitan. Halaber, goizeko lehen orduan, Ordunten 94 km/h-ko abiadura izan zuten maximoek, eta Berastegin, 84 km/h-koa.

Nafarroako isurialde atlantikoan, Aemetek 70 km/h-ko haize-boladak neurtu zituen azken orduetan, eta 80 km/h-koak, Nafarroako Pirinioetan eta Erriberan. Gainera, 110 km/h-rainoko ufadak egon ziren Nafarroako isurialde atlantikoan, erdialdean eta Nafarroako Pirinioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak