Gizartea -

Denboralea

Haizearen eraginez hiru hegaldi ez dira Loiuko aireportura iritsi

Lisboatik Bilbora joan behar zen hegaldi bat bertan behera geratu da Bizkaia jotzen ari den haize gogorraren ondorioz. Gainera, bi hegaldi Valladolidera eta Iruñera bideratu behar izan dituzte.

Haizea Loiuko aireportuan. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Haizea Loiuko aireportuan.
Haizearen eraginez hainbat hegazkinek arazoak izan dituzte Loiun lur hartzeko

2:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lisboatik Bilbora joan behar zen hegaldi bat bertan behera utzi dute gaur arratsaldean hego-haizeagatik jarri duten alerta laranjaren ondorioz; izan ere, 155 km/h abiadura harrapatu dute Bizkaiko leku batzuetan.

Gainera, Vigotik abiatu den beste hegazkin bat Iruñera bideratu dute Loiuko aireportuan ezin zuelako lur hartu, Aenako iturrietatik jakinarazi dutenez.

Lisboako hegaldia 19:10ean iritsi behar zen Loiura, baina TAP konpainia portugaldarrak ez abiatzea erabaki du. Vigotik abiatu den Air Nostrumen hegaldia ere arratsaldean iritsi behar zen Bizkaira, baina haize bolada gogorrengatik Iruñera bideratu dute.

Horiez gain, Londres Southendetik zetorren RyanAirren hegazkin bat Valladolideko aireportura eraman behar izan dute, goizean goiz Loiun lurreratzen saiatu eta gero.

Elsa depresioak hegoaldeko eta mendebaldeko haize bortitzak ekarri ditu gurera, eta, ondorioz, egun osoan indarrean egongo da alerta laranja Hego Euskal Herri osoan, Nafarroako Erriberan izan ezik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bizkaia Alerta meteorologikoak Denboraleak albisteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko aireportua gaur