Gizartea -
Gabonak
Olentzero eta Mari Domingi hainbat izaki fantastikorekin helduko dira Donostiara
Lehen aldiz zeinu hizkuntzako interprete bat izango dute, entzuteko zailtasunak dituzten haurrekin komunikatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Datorren asteartean iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Donostiara. Haurrek gutunak emateko aukera izango dute, asteartean, 16:00etatik aurrera, Udaletxeko Osoko Bilkuraren Aretoan. Bertara 15:30etan iritsiko dira, balkoitik agurtzeko.
Trikitilariek eta dantzariek haurren itxaronaldia girotuko dute. Harrera 18:00etan amaituko da eta bertaratutakoen ilara 17:40ean itxiko da udaletxeko terrazara sartzeko burdin hesitik. Orduan, Olentzeroren eta Mari Domingiren laguntzaileek harrerara sartu ezin izan duten haurren gutunak jasoko dituzte.
Gainera, aurten, lehen aldiz, Mari Domingik eta Olentzerok zeinu-hizkuntzaren interprete baten laguntza izango dute, entzuteko zailtasunak dituzten haurrek haiekin askatasunez komunikatzeko aukera izan dezaten.
Dibertsitate funtzionalen bat duten haurrak Ijentea kaleko atetik ere sartu ahal izango dira Osoko Bilkuraren Aretora. Harrera hainbat lantegiekin osatuko da: Olentzero eta Mari Domingirentzat marrazkiak egiteko aukera egongo da, baserritar jantziaren zapia modu egokian jartzen ikasiko dute, baita abarkak lotzen ere. Gainera, bertaratzen direnen artean gaztaina erreak banatuko dituzte.
Aurten, Mari Domingi eta Olentzero 18:30etatik aurrera hirian zehar ibiliko dira, Basandere eta Basajaun bezalako izaki fantastikoez, jentilez, herensugez, iratxoz eta ipotxez, trikitilariz, erraldoiz, eguzkiloreez, 14 egurgile bizikletaz eta 60 baserritarrez lagunduta. Bi karroza ere izango dituzte.
Batean Gabonetako giroa erakusten duen baserri baten irudia ikusiko da eta bestean Olentzero eta Mari Domingi egongo dira. Guztira 1.500 kilo gozoki banatuko dituzte diabetiko zein zeliakoentzat.
Gainera, adin ezberdinetako haurrek osatutako hiru Dantza taldeek Olentzero eta Mari Domingiren abestiak dantzatuko dituzte. Aurten lehen aldiz, desfileak ez du animaliarik izango.
Olentzero eta Mari Domingi ere hiriko auzoak bisitatuko dituzte, Altza, Herrera, Larratxo, Aiete, Antigua, Ibaeta, Bidebieta, Gros, Alde Zaharra, Loiolako Erriberak, Egia, Amara Berri edo Amara igarota.