Gizartea -

COP25

Klimaren Goi-bilera akordiorik gabe amaitzea ekidin nahi dute munduko agintariek

Klima-aldaketaren aurkako akordio globala adosteko oztopo nagusia karbonoaren merkatuen arautzea da, oraindik ere. Herrialdeek negoziatzen jarraitzen dute.

Madrilgo Klimaren Goi-bilerak ordu erabakigarriak ditu aurretik. Argazkia: EFE.
Madrilgo Klimaren Goi-bilerak ordu erabakigarriak ditu aurretik. Argazkia: EFE.
Madrilgo Klimaren Goi-bilerak ordu erabakigarriak ditu aurretik. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COP25 Madrilgo Klimaren Goi-bilera aurrera doa ostiral honetan, berez topaketaren azken egunean, klima-aldaketaren aurkako akordio globala adosteko helburuarekin, baina baliteke negoziazioek larunbatera arte jarraitzea, klimaren gaineko aurreko goi-bilera batzuetan ere gertatu izan denez.

Andres Landerretche goi-bileraren presidentziako koordinatzaile txiletarrak esan du akordioa datozen orduetan egingo dutela espero duela, baina, aldi berean, aitortu du ikatzari lotutako gaietan desadostasunak existitzen direla hainbat herrialderen artean.

"Ez dugu hemendik joan nahi akordio on bat lortu gabe", erantsi du. Goi-bilera ostiral honetan amaitu behar zen, baina une honetan negoziatzen jarraitzen dute.  

EFEri egindako adierazpenetan, Hugo Moran Ingurumeneko estatu-idazkari espainiarrak adierazi duenez, hainbat herrialdek uste dute aurrera egiten ari direla negoziazioan, eta, halaber, gizarteak bultzatzen jarraitzen duela; hortaz, "itxaropena dugu, eta uste dugu goi-bilera honek gaitasuna izango duela erantzun egokiak emateko nazioarteko komunitatearen adostasun-ahalmenari dagokionez". Dena dela, Moranen iritzian, "hobe da behar den denbora hartzea, akordio ona erdiesteko".

Carolina Schmidt buru duen presidentetza txiletarraren asmoa da dokumentua ostiral honetarako izatea prest, goi-bilera amaitzeko; oztopo nagusia, baina, karbono-isurien merkatua arautzea da oraindik ere.

BIDEOA | Karbono merkatua erregulatzeko negoziazioak hasi dira Madrilgo Klimaren Goi-bileran

Karbono merkatua erregulatzeko negoziazioak hasi dira Madrileko Klimaren Goi-bileran
Karbono merkatua erregulatzeko negoziazioak hasi dira Madrileko Klimaren Goi-bileran
Karbono merkatua erregulatzeko negoziazioak hasi dira Madrileko Klimaren Goi-bileran

1:31

Aurrerapen gutxi, orain arte

Asteartean iritsi ziren Madrilera hainbat ministro eta goi-mailako ordezkari, negoziazioetan parte hartzeko. Klimaren Goi-bilera honetan, baina, orain arte, aurrerapen gutxi izan dira. Hori dela eta, zenbait ordezkarik anbizioa eskatu dute, Madrilgo topaketak porrot egin ez dezan.

Ildo horretan hitz egin du ostiral goizean Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Twitter sarean duen kontuan, anbizio handiagoa eskatu baitie herrialde guztiei, tenperaturek 1,5 gradu baino gehiago gora egitea saihesteko.

Teresa Ribera Espainiako jarduneko Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak ostegunean onartu egin zuen anbizio klimatikoa tentsioa ari dela eragiten COP25eko negoziazioetan; izan ere, herrialde guztiek ez dute erritmo bera horren aurrean. Riberaren iritziz, "denok egon beharko genuke gure igorpen kutsagarri globalak murrizten", baina herrialde batzuek orain arte bezala jarraitu nahi dute, "nahikoa ez dela egiaztatu bada ere".

Glasgow 2020 baino lehen, trantsiziozko goi-bilera

"Batzuen ustez, azkarrago joan beharko genuke, anbizio handiagoa izan beharko genuke eta zientziaren papera berrindartu beharko litzateke; beste batzuek, aldiz, letra txiki horretan geratu nahi dute, pausoz pauso. Bi ikuspegiak daude, gero eta argiago dago hori". Madrilgo topaketa hau trantsiziozko goi-bilera da; 2020an Glasgow hirian egitekoa den goi-bileran, baina, herrialdeek klimarekiko konpromisoa berretsi beharko lukete, Parisko Akordioan izenpetu zutenez.

Bitartean, Jenniffer Morgan Greenpeace Internationaleko kideak gizarte zibilaren izenean hitz egin du goizean, "onartezintzat" jo du negoziazioek geldirik jarraitzea, eta berehalako konponbidea eskatu du: "Garestiagoa da orain ez esku hartzea, erabakiak hartzea baino".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa munduan Batasun europarra Espainia argazkiak NBE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril albisteak gaur Ekologia gaur Larrialdi klimatikoa 2024 Arabiar Emirerri Batuetako klimari buruzko goi-bileraren helburuak