Gizartea -
Bilbo
Mesedeetako osasun-zentroko murrizketen aurkako 2.300 sinadura batu dituzte
Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantzisko taldeen koordinakundeak salatu duenez, hainbat zerbitzu Miribillako osasun-zentrora eraman dituzte eta ordutegia murriztu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantzisko auzoetako bizilagunek 2.300 sinadura baino gehiago batu dituzte Osakidetzak Mesedeetako osasun-zentroan egin dituen murrizketen aurka. Sinadurok astelehenean eramango dituzte Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara.
Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantzisko taldeen koordinakundeak, ekimenaren sustatzaileak, Osakidetzak osasun-zentroan hartu berri dituen neurriak kritikatu ditu: pediatria eta emagin zerbitzuak eta familiako medikuntzako bi mediku eta erizain Miribillako osasun-zentrora lekualdatu dituzte.
"Horrekin eta ordutegi murrizketarekin —goizez bakarrik dago zerbitzua— beldur gara ez ote duten etorkizunean osasun-zentroa behin betiko itxiko. Miribillako osasun-zentroak irisgarritasun arazoak ditu, eta gure auzoko bizilagunen batez besteko adina handia da. Gainera, Osakidetzak berak egindako azterketek agerian utzi dutenez, auzo hauen osasun egoera berezia da. Hori horrela, uste dugu bi osasun-zentroei eusteaz gain, baliabide eta osasun pertsonal gehiago jarri behar direla", nabarmendu dute.
"Bizilagunen bizkar eta informaziorik eman gabe" hartutako erabakia berriz pentsatzeko deia egin diote Osakidetzari, eta Bilboko Udalari ere bitartekari lanak egin ditzala "bizilagunen ongizatearen" erantzule den aldetik.