Gizartea -

Hezkuntza

Eskola-jazarpeneko kasuek gora egin dute EAEko ikastetxeetan

Aztertutako kasuen kopuruak ere gora egin du, 553 kasutik 755era, baina ez da neurri berean igo jazarpen gisa baieztatutako kasuen kopurua.

Eskola-jazarpenaren bilakaera EAEn 2018-2019 ikasturtean. Argazkia: pixabay.com
Eskola-jazarpenaren bilakaera EAEn 2018-2019 ikasturtean
Eskola-jazarpenaren bilakaera EAEn 2018-2019 ikasturtean. Argazkia: pixabay.com

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018-2019 ikasturtean 96 eskola-jazarpen kasu identifikatu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan, aurreko ikasturtean baino 17 gehiago, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ostegun honetan emandako datuen arabera.

Ikastetxeetan eskola-jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopurua Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 755 kasuen % 12,72 da. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, nabarmen igo da aztertutako kasuen kopurua (553tik 755era), baina ez da neurri berean igo jazarpen gisa berretsitako kasuen kopurua (79 kasutik 96 izatera igaro dira). Beraz, ehunekotan, azken bi ikasturteetan jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruak behera egin du: 2017-2018 ikasturteko % 14,29tik 2018-2019 ikasturteko % 12,72ra.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da hamarkada batean Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu dela (2008-2009 ikasturtean 75 kasu izatetik joan den ikasturtean 755 izatera); hala ere, ez da gauza bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuekin: 39tik 96ra kasu, aldi berean.

Datu horiek azaltzen dituzten arrazoien artean, Uriarte sailburuak aipatu du gaur egun hezkuntza-komunitateak eta gizarteak oro har bullyingaren aurrean erakusten duen sentsibilizazio-maila handia dela, jazarpen-kasuen gorakada baino handiagoa. Sailburuak Hezkuntza Ikuskaritzak gai horretan duen zeregina nabarmendu du.

"Alde handiz, kasu gehien aztertu diren urtea da. Eta hori ez da jazarpena areagotu delako, baizik eta gizartea gehiago sentsibilizatu delako eta ikastetxeetan zein Ikuskaritzan arreta handiagoa jarri delako. Zalantza txikienaren aurrean, kasua aztertzen da", adierazi du.

Jazarpen datuen aurkezpena

Hezkuntza sailburua, prentsaurrekoan eskola-jazarpeneko datuak azaltzen. Argazkia: Irekia

Jazarpen kasu gehienak Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 96 kasu horietatik 50 hezkuntza-etapa horretan gertatu dira (% 53). Bestalde, kasuak tipologiaren arabera aztertzen badira, honako hau ikusten da: Eraso fisiko zuzena kasuen % 6 da, eta hitzezko erasoa, kasuen % 31. Bazterketa eta marjinazio sozialak kasuen % 46ri eragiten die, eta larderia, xantaia edo mehatxuak kasuen % 6 dira. Sexu-jazarpena edo -abusua eta jazarpen sexista kasuen % 4ra hedatzen da, eta beste gertakari mota batzuk % 6 dira.

Halaber, Hezkuntza Sailetik adierazi dutenez, kasuen % 23an, batez ere sare sozialen, Interneten edo ziberbullying kasutzat hartutako beste edozein zibernetikaren bidez gertatu da jazarpena.

Ikasleen pertzepzioak

Hezkuntza Ikuskaritzak jasotako datuez gain, ISEI-IVEIk (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) egindako galdetegi baten ondorio nagusiak ere azaldu ditu Uriarte sailburuak. Zehazki, Lehen Hezkuntzako 94 ikastetxetako 4., 5. eta 6. mailako 5.923 ikasleri eta DBHko beste 89 ikastetxetako 8.080 ikasleri egin zaie galdetegia. Ikasleek eskola-jazarpenaren inguruan dituzten pertzepzioak dira, beraz.

Galdetegiaren emaitzek erakusten dute Lehen Hezkuntzan jaitsi egin dela eskola-jazarpena jasan dutela hautematen duten ikasleen ehunekoa: 2012ko %21etik 2018ko %18,9ra. DBHn, portzentaje hori %15,7koa da 2018an; bi urte lehenago, berriz, %18,8koa zen.

Sexuen arabera, alde handiak ikusten dira ikasleen pertzepzioan. Mutilek neurri handiagoan sentitzen dute eskola-jazarpena jasaten ari direla, bai Lehen Hezkuntzan, bai DBHn.

Bizikasi ekimena

Aurkezpenean, sailburuak Bizikasi ekimena ere izan du hizpide, hau da, Hezkuntza Sailak 2017 urtearen amaieran abian jarri zuen eskola-jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Jazarpenaren aurkako ekimena erabat zabalduta dago dagoeneko ikastetxe publiko guztietan, eta pauso berriak ematen jarraitzen du:

Uriartek azaldu duenez, jazarpenaren aurkako ekimena dagoeneko erabat zabalduta dago ikastetxe publiko guztietan, eta pauso berriak ematen jarraitzen dute: EAEko ikastetxe publiko guztiekin egindako prestakuntzaren bigarren fasea amaitu da, BAT lantaldeen bidez (zentro bakoitzean ekintzak zuzentzen dituzten taldeak dira).

Ikasturte honetan, Hezkuntza Sailak prestakuntza eskaintzen die hala eskatu duten itunpeko ikastetxeei ere. Lehen fase bat amaitu du dagoeneko, eta hilabete batzuk barru bigarren fase bat hasiko du ikastetxe gehiagorekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Bullying kasuak