Gizartea -

Bizkaia

Telefono eta 'contactless' txartelen bidez ordaindu ahalko da Bizkaiko autobideetan

AP-8 autobideko, Bilboko Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako tuneletako bidesarietan ezarriko dute sistema berria.

Artxandako tuneletako bidesaria. Argazkia: EiTB
Artxandako tuneletako bidesaria.
Artxandako tuneletako bidesaria. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AP-8 autobideko, Bilbo Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako tuneletako erabiltzaileek ‘contactless’ txartelak edo sakelako telefonoa baliatuz ordaindu ahal izango dituzte bidesariak, telefonoan aktibaturik badaukate NFC teknologia bidezko ordainketa sistema.

Ordainlekuen sistema berria urtebete barru izango dute erabilgarri erabiltzaileek hiru errepide azpiegituretako ordainpeko 119 bideetan, Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak iragarri duenez.

Interbiak foru sozietate publikoak ordainpeko errepide guztietan digitalizatze lanei heltzeko kontratuaren lizitazioa onartu berri du; errepide bakoitzeko txartel irakurgailua aldatzeaz gain, ordainleku bakoitzaren eta kreditu txartelak kudeatu eta ordainketa baimentzen duten erakundeen arteko lotura hobetuko da, eta horrela, eragiketa bizkorragoa eta seguruagoa izango da.

Eguneratzea egiteko aurrekontu zenbatetsia 4,5 milioi eurokoa da. Inbertsio horri esker, Interbiak sozietateak txartel bidez ordaintzeko sistemak berrituko ditu: erabiltzaileek eskatutako teknologiak sartuko ditu, eta AP-8ko, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako tuneletako ordainpeko errepideetan instalatutako aparatuak homogeneizatuko.

Pradalesek adierazi duenez, ‘contactless’ txartelen edo sakelako telefonoaren erabileraren bidez espero dute txartela baliatzen duten erabiltzaileek ordainketa eragiketak azkarrago egitea; gaur egun, Bizkaiko ordainlekuetan egiten diren ordainketen %20an sistema hori erabiltzen da. Halaber, txartel bidezko ordainketa erakargarriagoa izan daiteke autobidea eskudirutan ordaintzen dutenentzat; ordainketa guztien % 15 eskudirutan egiten da.

Bi sistema horiek alde batera utzita, bidaien %65 Via-T sistemaren bidez ordaintzen dira. Gainera, sistema horrek aukera ematen du diru laguntzen programari heltzeko; programak muga bat ezartzen du Interbiak sozietateak kudeatutako autobideetan hileko ordaindu beharreko zenbatekoan.

Gaur egun, ordainpeko errepideek txartel magnetikoak baino ez dituzte onartzen; gainera, irakurgailuan sartu behar dira ordainsaria ordaintzeko. Aurreikusitako aldaketaren bidez, ‘contactless’ sistemako txarteletara egokituko da, baina oraingo sistemari eutsiko zaio txartel mota hori ez daukaten erabiltzaileentzat. Gainera, eskudirutan ordaintzen jarraitu ahal izango da.

Onura gisa, ordainsaria txartel bidez ordaindu eta fakturak kudeatzeko Bidesaria zerbitzuan erregistraturik dauden erabiltzaileek ia aldi berean eskuratu ahal izango dute, Interbiak sozietatearen web orrian, ordainlekuetan txartelaren bidez egin dituzten mugimenduei buruzko informazioa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Telefonia mugikorra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea Supersur