Gizartea -
Desagertua
Onik aurkitu dute Zornotzan desagertuta zegoen 83 urteko gizona
Asteazken eguerdian aurkitu dute. Gizonak 83 urte ditu, eta familiak astearte gauean jarri zuen salaketa.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi-zerbitzuek onik aurkitu dute astearte gauetik desagertuta zegoen 83 urteko zornotzar gizona; hala baieztatu diote eitb.eus-i Ertzaintzaren iturriek.
Gizona asteazken honetako eguerdian topatu dute, haren etxetik gertuko mendi-gune batean, "ondo, itxura batean". Nolanahi ere, Galdakaoko Ospitalera eraman dute, azterketa medikoa egin diezaioten. Familiak asteartean jarri zuen salaketa, gizonaren desagertzeagatik.
Bilaketa Muniketan oinarritu dute, eta asteartean abiatu zuten, azken orduan; egunero egiten du gizonak mendi-ibilaldia inguru horretatik, baina asteartean ez zen bueltatu etxera, eta senideek ez zuten topatzen. Hortaz, salaketa aurkeztu zuten.
Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea, Txakur Unitateak, DYAk eta Gurutze Gorriak lagunduta, bilatzen hasi zen. Gauean eten egin zuten, eta goizeko zortzietan ekin diote berriro bilatzeari; eguerdiko hamabiak aldera topatu dute, itxuraz ondo.