Gizartea -

Gipuzkoako erraustegia

Bederatzi tona zabor erre dituzte Zubietako erraustegian, proba fasean

Bestalde, erraustegiaren aurkako mugimenduak jakinarazi du datorren astean lau pertsona epaituko dituztela Donostian, azpiegitura horren aurkako mobilizazio batean parte hartzeagatik.

Zubietako erraustegiaren barrualdea. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Zubietako erraustegiaren barrualdea.
Zubietako erraustegiaren barrualdea. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako erraustegia 2020ko lehen hiruhilekoan jarriko dute martxan, baina aste honetan hainbat proba egin dituzte eta, guztira, bederatzi tona zabor erre dituztela jakinarazi du gaur Gipuzkako hondakinen kudeaketarako partzuergoak.   

Lehendabizi, kontrolerako sistemak behar bezala funtzionatzen zuela egiaztatu zuten eta ondoren zaborra erretzeko labeak berotzen hasi ziren.

GHKren arabera, 1.000 graduko tenperaturara heltzea ezinbestekoa da hondakinak erabat kiskali ahal izateko.

Erraustegiak bi labe dauzka eta horietako bakoitzak orduko 12,5 tona zabor erretzeko ahalmena  izango du. Beraz, urtean, 100.000 tona hondakin kiskaltzeko aukera izango dute.  

 

Manifestación contra la incineradora

(Erraustegiaren aurka Donostian egindako manifestazio jendetsua. Argazkia: EiTB)

Bestalde, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi du datorren astean lau pertsona epaituko dituztela Donostian, azpiegitura horren aurka iaz egindako manifestazio baketsu batean "desordena publikoak" eragitea egotzita.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegiaren kontrako gizarte mugimendua "kriminalizatu" nahi duela salatu dute ohar batean. Epaiketak abenduaren 4 eta 9an eta urtarrilaren 9an izango dira.

Mugimendu horren iritzian, bi gobernuek "herritarrak beldurrarazi" nahi dituzte, erraustegiaren aurako mobilizazioetan parte hartzeari utz diezaioten. Alabaina, "ez dute horrelakorik lortuko", ziurtatu dute.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak azpimarratu du bide baketsua erabilita protestak egiten jarraituko dutela, hondakinak kudeatzeko ereduen arteko eztabaida mahai gainean jartzea lortu arte; izan ere, "zaborra behar bezala sailkatuz gero, munstro toxiko handi hori ez litzateke beharrezkoa izango", erantsi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Ingurumena