Gizartea -
EUSKO JAURLARITZA
Immigrazioaren aldeko Gizarte Ituna: ardatzak eta helburuak
Duela sei urte adostutako 'Immigrazioaren Gizarte Itunaren testua egungo errealitatera egokitu' du Eusko Jaurlaritzak, eta euskal gizarteak arlo honetan dituen 'erronka berriak' jaso ditu.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu duen Immigrazioarako Gizarte Itunak migrazioaren ertz guztiei "erantzun bateratua eta solidarioa" eman nahi die, begirada "etiko, prebentibo eta proaktibo" batekin. Ez da testua berria, duela sei urte adostutakoaren eguneratzea baizik.
Itunarekin bat egin duten norbanakoek, elkarteek eta erakundeek hiru premisa jarri dituzte erdigunean: "aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana". Halaber, itunean jasotako ardatz nagusiak gizarteko alor guztietan modu transbertsalean lantzeko eta ontzeko konpromisoa hartu dute. Ondorengoak dira zehar lerroak: elkarbizitza, giza eskubideak, transbertsalitatea, kohesioa, hezkuntza, tokikotasuna, berdintasuna eta hizkuntza.
Itunak atalez atal jasotzen dituen lan-ildo nagusienak, hitzez hitz:
· Euskal gizarte oraindik eta anitzagoa:
- "Aniztasuna gure historiaren eta gure identitate kolektibo propioaren zati da. Atzerritarren immigrazioak areagotu egin du euskal gizartean lehendik ere bazen aniztasuna, eta konplexuago bihurtu du."
- "Etorkinak ez dira 'gure arteko bestea'. Guztion artean eraikitzen ari garen etorkizuneko euskal 'guaren' zati dira jada. Identitate zibikoa, kidetasun politikoaren ondoriozkoa, espazio minimo, zabal eta ireki gisa antolatu beharko da, bertan identitate anitz konbinatzeko aukera emanez."
· Giza eskubideak, herritartasun inklusiboa:
- "Immigrazioaren fenomenoa ez dugu ikuspegi utilitarista batetik lantzen, humanitatearen eta justiziaren ikuspegitik baizik. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren ikuspegia eta bertan bilduriko eskubide guztiak pertsona guzti-guztien ondare direlako uste osoa ditugu abiapuntu."
- "Etorkinaren nozioak berak sarriegi inplizituki daraman diskriminazioa gainditu behar dugu, eta etorkina ez dugu objektu soiltzat hartu behar, eskubideen subjektutzat baizik. Berdintasun-printzipioaren benetako aplikazio baten alde tinko egiten ez badugu, etorkinak bertakoa baino egoera okerragoan utziko ditugu."
· Immigrazioa eta aniztasuna, aukera-leihoa Euskadirentzat:
- "Azterlan gehienek erakusten dutenez, immigrazioak oso ondorio ekonomiko positiboak ditu gizarte hartzaileentzat. Izan ere, biztanleria aktiboaren eta emakumeen jarduera-tasaren hazkundea bultzatzen du, zuzeneko eta zeharkako zergen eta gizarte-segurantzarako kotizazioen bidez diru-kutxa publikoetarako ekarpena egiten du, kontsumoaren hazkundea bultzatzen du eta enpresa-ekimen berriak sortzen ditu."
- "Zalantzarik gabe, gizarte askotarikoenak dira aberatsenak. Aniztasun horrek datozen urteetan bere potentzial guztia zabal dezala, horixe da gure erronka, eta horretan ahalegindu behar dugu erakunde eta gizarte-agente guztiek."
· Integrazioaren/txertatzearen ikuspegia:
- "Etorkinen gehiengo handi batek Euskadin geratu nahi du. Gure lurrean geratzeko borondatea erakusten du gehiengoak. Egungo immigrazioari buruz dugun ikuspegia aldatu behar dugu. Ez da fenomeno iragankor edo koiunturala, baizik eta errealitate estrukturala."
- "Prozesu noranzko biko eta dinamiko gisa ikusten dugu integrazioa, gizarte honetan bizi garen pertsona guztiak elkarri egokitzeko baliagarria."
· Narratiben eta diskurtsoen funtsezko garrantzia:
- "Dokumentu hau sinatzen duten erakunde eta instituzioek konpromisoa hartzen dute immigrazioari buruz aurreiritzietan eta gehiegizko orokortzean oinarrituta sortu diren diskurtso estigmatzaile guztiak aktiboki baztertzeko, eta euskal gizarteari dei egiten diote arrazakeriaren eta xenofobiaren era ireki eta sotilei aurka egiteko eta inpunitate-esparru guztiak indarrik gabe uzteko eta salatzeko."
- "Komunikabideak funtsezkoak dira ideario bat eraiki eta haren gainean immigrazioaren inguruko beharrezko gizarte-adostasuna eraikitzeko."
· Emakumeak eta immigrazioa:
- "Emakumeak ezkutatu egin dira migrazio-diskurtsoetan, besteak beste, migrazioaren diskurtso tradizionalean protagonistak gizonak direlako. Dena den, gizonen 'laguntzaile' izateari eta bigarren mailako rola betetzeari utzi, eta migrazio-proiektu autonomoak dituzten agente independente gisa agertu dira emakumeak."
- "Estereotipo sexistak indartzen eta emakumeen migrazioaren ekarpenak ikusezin bihurtzen laguntzen duen faktore bat zera da, emakume etorkinen proportzio handi bat okerren ordainduta dauden, ikusezinenak diren eta gizarte-ospe gutxien duten lan-hutsuneak betetzera etorri dela: etxeko eta zainketako lana, eta lan sexuala. Dokumentu hau sinatzen duten erakunde eta entitateek egoera horiei guztiei aurre egiteko duten borondatea adierazten dute, lehenik ere emakume horien funtsezko duintasunari erantzunez."
· Tokian tokiko esparruaren eta eguneroko integrazioaren garrantzia:
- "Herritarrengandik hurbilen duden erakundeek - udalek -harreraren, laguntzaren, zerbitzuak ematearen eta kultura arteko elkarbizitzaren alorrean betetzen duten zereginak ikaragarrizko garrantzia du. Udalek irizpide komunak eta baliabide nahikoak behar dituzte lan hori modurik egokienean egiteko."
- "Hezkuntza ez-formala (astialdiko hezkuntza, kale-hezkuntza, animazio soziokulturala...) lehen mailako espazio sozializatzailea da."
· Hezkuntza inklusiboa:
- "Eskolak funtsezko egitekoa du etorkinen seme-alabak (etorkizuneko euskal herritar izango direnak) gizarte hartzailera egokitzeko. Ikastetxea, bestalde, gune ezin hobea da jatorri desberdineko pertsona helduak elkartzeko, seme-alabei laguntzean partekatzen dituzten gune eta denboretan harremanak ezartzeko aukera izaten baitute."
- "Eskola inklusiboaren paradigmak aurreko erronkak kokatzeko esparrua ahalbidetzen du. Eskola inklusiboaren helburua ikasle bakoitzari bere gaitasunak garatzen laguntzea da, bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta eta ulertuta betiere."
· Euskara, hizkuntzak eta integrazioa:
- "Gizarte-kohesiorako, sustapen sozioekonomikorako aukerak eta euskal gizartearen zati izateko eta euskal gizartearekin identifikatzeko sentimendua indar ditzakeen elementua da euskara".
- "Hizkuntzak funtsezko elementuak dira pertsonen nortasunean, eta gizarte hartzaileak etorkinen jatorrizko hizkuntzak aitortzeak herritar berrien gizarteratzea errazten du, bidezko gizarteratzearen oinarri den elkarrekikotasunaren zati izateaz gain."
· Praktikoa ere izan nahi duen ituna:
- "Etorkinen integrazioaren esparruan esku hartzen duten erakunde-eragile eta gizarte-eragile ugariek aukera garrantzitsuak eskaintzen dituzte, eta gure erakunde eta gizarte egituraren aberastasunaren eta aniztasunaren adierazgarri da hori."
· Zailtasunei modu positiboan aurre egitea eta etorkizunari itxaropenarekin begiratzea:
- " Immigrazioa eta harekin batera doazen aniztasun berriak denon artean guretzat eta gure seme-alabentzat zer euskal gizarte nahi dugun berriz pentsatzeko aukera eta pizgarria izan behar dute. Hartzen ditugun konpromiso eta erabakiekin asmatzen badugu etorkizun hobearen oinarriak jartzen ariko gara."