Gizartea -

Elkartasuna

Munduko 125 hirik baino gehiagok hartuko dute parte 'Fair Saturday' ekimenean

Aurten, 800 kultur ekitaldi inguru egingo dira munduko hainbat herrialdetan, eta 10.000 artista eta kultur elkarte inguruk hartuko dute parte. Bilbon kontzertu jendetsua izan da.

Guggenheim Museoak bat egin zuen iaz Fair Saturday ekimen solidarioarekin. Argazkia: Fair Saturday
Guggenheim Museoak bat egin zuen iaz Fair Saturday ekimen solidarioarekin.
Guggenheim Museoak bat egin zuen iaz Fair Saturday ekimen solidarioarekin. Argazkia: Fair Saturday

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu osoko 125 hirik baino gehiagok hartuko dute parte larunbat honetan Fair Saturday ekimenean. Kulturaren bidez gizarte gaiekiko elkartasuna sustatzea helburu duen mugimendu hori Bilbon sortu zen, 2014an, Black Friday delako hitzorduaren aurrean.

Aurten, 800 kultur ekitaldi inguru egingo dira munduko hainbat herrialdetan, eta 10.000 artista eta kultur elkarte inguruk hartuko dute parte. Emanaldi horien bidez, 250 gizarte gai eta proiektu baino gehiago babestuko dituzte, behartsuenen bizimodua hobetzeko asmoz.

Bilbon sortu zen egitasmo solidario hori, eta bertan egingo dira kultur ekitaldi gehienak (150). Ostiral gauerditik aurrera 9.000 pertsona inguru bildu dira 'Fair Saturday 2019' ekimenaren hasiera ekitaldian. Ikuskizun horretan, Bizkaiko abesbatzetako kide diren milatik gora lagunek hartu dute parte, hainbat artista ezagun tartean (Urko, Zea Mays, Miren de Miguel, Bilboko Koral Elkartea...).

Nazioartean, Lisboa (Portugal), Cardiff (Gales, Britainia Handia), Atlanta (AEB), Ljowert (Friesland, Herbehereak), eta Helsinki (Finlandia) bezalako hiriek egitasmoarekin bat egingo dute aurten lehen aldiz. Halaber, Malagak eta Huelvak ere parte hartuko dute, besteak beste.

Horrez gain, AEBn lehen urratsak emango ditu aurten egitasmo solidarioak, hala nola, Atlantan eta Massachusettseko estatu osoan antolatu dituzten ekitaldiekin.

Ildo horretatik, Massachusettseko Kongresuak adierazpen bat egin du Bilbon sortu zen egitasmoaren lana aitortzeko, "kulturaren bidez mundu osoko eskualdeen eta herrialdeen artean zubiak eraikitzeagatik". Hala, Ameriketako Estatu Batuetan egitasmo solidarioaren bultzatzaileak izan nahi dutela adierazi dute, antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Datorren urtera begira, munduko hainbat herrialdetako 30 hirik baino gehiagok adierazi dute ekitaldi horrekin bat egiteko asmoa dutela, eta, erosketak bultzatzen dituen Black Friday ekimenaren aurrean, elkartasuna sustatzen duen mugimendu horrekiko interesa agertu dute.

Iaz, 150.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten munduko 100 tokitan antolatu zituzten 600 ekitaldietan.

Black Friday ekimenari “boikota” egiteko eskatu du Eguzkik

Bestalde, Eguzki talde ekologistak, "Black Friday kanpaina kontsumista erasokor honekin lotutako erosketarik ez egiteko" eskatu die herritarrei.

Elkarteak ohar batean salatu duenez, "kanpaina kapitalista hauek, adiera okerrenean, helburu bakarra dute: gehiago saltzea, moda hauek ingurumenean eragiten dituzten kalte larriak kontuan izan gabe".

"Ezin dugu horrela jarraitu. Geldialdi bat egin behar dugu, nora eraman nahi gaituzten pentsatzeko, besterik ez bada ere. Ez kontsumitu ezer Black Friday delako kanpaina kontsumistarekin zerikusia duena eta zabaldu mezua gertu dituzunen artean", esan du Eguzkik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuak Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal musika Musika Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Kultura Albisteak Aisia