Gizartea -

Bizkaia

Adinekoen bakardadeaz ohartarazteko eskultura hiperrealista jarri dute Bilbon

Ruben Orozco eskultoreak arazo hori pairatzen duen 89 urteko Mercedes bilbotarraren erreplika egin du. Bilboko Areatzako pasealekuan dago ikusgai.

"Bakardadean hildako azken pertsona" izenburua jarri dio egileak eskulturari.
Ruben Orozcok egindako eskultura hiperrealista.
"Bakardadean hildako azken pertsona" izenburua jarri dio egileak eskulturari.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBK-k eskultura hiperrealista bat jarri du Bilboko Areatza pasealekuan adinekoek zenbaitetan pairatzen duten bakardadeaz gogoeta pizteko asmoz. Ruben Orozco eskultore mexikarrak egindako lana da, arazo hori duen Mercedes 89 urteko bilbotarraren irudi eta antzera egindakoa.

Eskultura, "Bakardadean hildako azken pertsona" izenekoa, gaur inauguratu dute Mercedes bera, Ruben Orozco eskultorea eta BBK-ren arduradun nagusiak, Xabier Sagredo zuzendaria tartean, bertan zirela. Azaldu dutenez, artelanak arreta jarri nahi du, adinekoak bakardadean hiltzearen arazoan ez ezik, kasu askotan horren aurretik dagoen gizarte-abandonuan ere.

Mercedesek, kanpainaren protagonistak, azaldu duenez, aspalditxotik bizi da gura bako bakardadean eta, normalean, astean duen gizarte-harreman bakarra Caritaseko boluntario batek egiten dion bisita izaten da, eta noizean behin ilobaren baten bisita. "Bakardadea den eta gauzarik beldurgarriena da, sekula imajinatzen ez duzun zerbait. Hainbeste ordu etxean bakarrik, azkenerako bakardadeak irentsi egiten zaitu", aitortu du emakumeak. "Lehen neure bizitza neukan, baina orain ez daukat ezer, ez daukat bizitzarik. Lagunak eta adiskideak hiltzen ari zaizkit, senitartekoak ere bai, eta hori ikaragarria da. Bizi bitartean hilda egongo bazina legez da", erantsi du.

EAEn bakarrik bizi diren 100.000 adineko baino gehiago daude

Mercedes Euskadin errealitate hori pairatzen duten 65 urtez gorako 106.000 pertsonetako bat da — horietatik 60.000 Bizkaian bizi dira—. Estatistika Institutu Nazionalak (INE) 2018an argitaraturiko datuen arabera, azken sei urteetan 65 urtez gorako pertsona bakarrek osaturiko etxebizitzak ia % 9,30 gehitu ziren, datu hau izanik orain arte erregistraturiko handiena. Sexuen araberako banaketari dagokionez, INEk adierazi du ia % 75,5 emakumeak direla, zehazki 79.500 pertsona, eta gizonezkoak 27.100.

Datu horrek Espainiako Estatuan gora egiten ari den joera berretsi du. Izan ere, bakardadea jasaten duten adinekoen kopurua % 11,4 inguru gehitu da. Nazioartean ere, 60 urtez gorakoen % 16,6 bakarrik bizi dira, NBEren arabera. Europar Batasunean kopuru hori handiagoa da, adineko europarren % 31,1 baitago egoera honetan. Washingtongo Institute for Health Metrics and Evaluation-ek (IHME) 2018an egindako azterketa baten arabera, egungo joerari eutsiz gero, Espainia izango da munduko herrialderik zahartuena 2050erako, Japonia bera baino ere gehiago.

Munduko Osasun Erakundeak XXI. mendeko epidemiatzat jo zuen bakardadea.

Gaur aurkeztu duten eskultura Bakardade Ikusezina kanpainaren baitan dago. Horren harira, BBK-k hainbat ekimen jarriko ditu martxan, adibidez, pertsona bakartuak detektatzeko sare bat sortzea, 80 urtez gorakoei buruzko behatoki bat, arreta pertsonalizatu eta laguntza emateko zerbitzuak, baita bakardadearen prebentziorako eskola bat ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Artea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoak gaur