Gizartea -

Abenduak 3

Euskal erakundeek adierazpena sinatu dute Euskararen Nazioarteko Egunaren harira

Testua arratsaldean irakurriko dute, Bilboko Euskalduna Jauregian. "Irudimena oinarri hartuta", euskarari bultzada emateko ekimenak "etengabe berritu" behar direla nabarmendu dute erakundeek.

Euskararen Txantxangorria. Artxiboko argazkia: EiTB
Euskararen Txantxangorria.
Euskararen Txantxangorria. Artxiboko argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal erakundeek adierazpen bateratua kaleratu dute gaur, abenduak 3, ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Ildo horretatik, arratsaldean irakurriko dute testua, Bilboko Euskalduna Jauregian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldian.

'Bide berriak, modu berriak. Ongi etorri etorkizunera!' izenburupean, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Udalek, EUDELek eta UEMAk azpimarratu dute euskarari bultzada emateko ekimenak "etengabe eguneratu eta berritu" behar direla, "irudimena oinarri hartuta".

Azken urteetan bezala, euskararen aldeko herri mugimenduen eta euskal erakundeen arteko elkarlanaren balioa azpimarratzen du adierazpenak, baita herritarrek euskararen aldeko bultzadarekin duten atxikimendua ere. Ildo horretatik, "bide luzea egina du euskarak, eta, harekin batera, euskal hiztunok eta euskaltzaleok, etorkizuna irabazteko etengabeko ahaleginean", nabarmendu dute. "Bide luzea du egina euskal gizarteak euskara plaza guztietara duintasun osoz eramateko", erantsi dute.

Horren adibide gisa, iaz abian jarri zen 'Euskaraldia' ekimena aipatu dute testuan, datorren urtean errepikatuko baita. "Ezagutzen ez genuen modu batean aktibatu zituen iazko gizarte-ariketa arrakastatsuak euskal hiztunak, neurri batekoak nahiz bestekoak. Aktibatu zituen, baita ere, herri aginteak eta askotariko gizarte-erakundeak, ikuspegi berri batetik. Eta, batez ere, estrategiak eta diskurtsoak eraberritzeko joera eta prestasuna aktibatu zituen", adierazi dute testuan.

Halaber, Euskaraldiaren hurrengo edizioan jarri dute arreta euskal erakundeek: "Euskaraldia berraktibatuko dugu, berriz ere denon arteko adostasun eta lankidetzan, eta hurrengo urteko Euskararen Nazioarteko Egunak izango du, ezinbestez, toki propioa ariketa sozial erraldoi horren ingurumarian".

Alabaina, euskararen erabilera areagotzeko beste bide batzuk ere jorratu behar direla azpimarratu dute adierazpenean: "Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita".

Arrazoi horregatik, arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeak duen garrantzia nabarmendu dute, izan ere, "bai baitakigu ez dela hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik".

Adierazpena "etorkizunera begira" amaitu dute, estrategia berriak jorratzea ezinbestekoa baita egunerokoan euskara indartzea ahalbidetuko duen konpromisoari erantzuteko: "Azken batean, aldekotasun eraldatzailea da gure gizartea, euskal hiztunok eta euskaltzaleok aktibatuz, bideratzen ari dena. Bertan du euskarak etorkizuna. Bide eta praktika berrietatik datorren etorkizuna".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala Euskaraz Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eneko Goia Gorka Urtaran Eusko Jaurlaritza Euskararen eguna Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Gasteiz Kultura Albisteak Euskaraldia EUDEL albisteak