Gizartea -

Ikerketa

Bideo jokoek nesken eta mutilen arteko eten digitala sendotzen dute

Matxismoak eremu digitalean duen lekua eta horrek nerabeengan dituen ondorioak aztertu ditu Emakundek kaleratutako ikerketa batek.

Estibaliz Linares ikerketaren egilea, Emakundeko zuzendaria ondoan duela. Argazkia: Irekia
Estibaliz Linares ikerketaren egilea, Emakundeko zuzendaria ondoan duela.
Nerabezaroan generoaren araberako eten digitala ematen da

1:16

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eremu digitalean nerabeen artean transmititzen den sexismoa eta matxismoa aztertu ditu Emakundek kaleratutako ikerketa batek. Horren arabera, bideo jokoek nesken eta mutilen artean dagoen arrakala digitala sendotzen dute. Batetik, oztopo dira emakumeek informatikarekin lotutako ikasketak aukeratzeko, eta bestetik, sexismoa eta matxismoa bultzatzen dute.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztu du "El iceberg digital Machista: análisis, prevención e intervención de las realidades machistas digitales entre la adolescencia en la CAE" ikerlana, Estibaliz Linares Bahillo egilearekin laguntzarekin.

Ikerketak emakumeen eta gizonen genero desberdintasunek gazteen interakzio digitalean duten eragina du aztergai. Horretarako, 15-16 urteko 800 ikasleri galdeketa egin die Linaresek, eta hiru eremu behatu ditu: bideo jokoak, Youtube eta sare sozialak.

Linaresek Emakunderen Ikerlanen Lehiaketaren seigarren edizioa irabazi du bere azterketa horrekin. Egilearen esanetan, nerabezaroan bigarren generoaren araberako bigarren eta hirugarren eten digitalak antzeman ditu, eta hor zeresan handia dute bideo jokoek. Izan ere, mutilek gehiago erabiltzen dituzten (10 mutiletatik 8k egunero jolasten dute; horri kontrajarriz, 10 nesketatik bik bakarrik olgetan dute), eta horrek eragina du ikasketak aukeratzeko orduan. Mutilak erosoago sentitzen dira informatika edo arlo teknikoko gaietan; neskek "hainbesteko ahalmena" ez dutela diote. 

Neska-mutilek sare sozialak zelan erabiltzen dituzten ere aztertu du Linaresek. Azaldu duenez, "youtuberrak erreferente" bilakatu dira gazte askorentzat eta hor ere matxismoa da nagusi. Neskek moda eta edertasuna jorratzen dituzten youtuberrak jarraitzen dituzte. Are, atzeman dute "ama nola izan behar den" erakusten duten familien kontuen jarraitzaileak ere badirela. Mutilek bideo jokoak kontsumitzen dituzte, eta salduenen artean "matxismo kutsu handiko eta indarkeriazko" jokoak daudela gogorarazi du ikerlanaren egileak. 

Egilearen arabera, nerabeen mundu digitala "kontraesankorra" da. Alde batetik, "oso espazio subertsiboak" atzeman daitezke, baina bestetik "segmentu matxistak" topa daitezke. Lehendabizikoei erreferentzia eginez, Linaresek adierazi du "aldaketarako pitzadurak eta aukerak" ikus daitezkeela, batez ere ziberfeminismoaren, hezkidetzako pedagogiaren eta alfabetizazio digital kritikoaren eskutik.

Horri kontrajarriz, bideo jokoetan eta Youtuben sexismoa eta matxismoa begi bistakoa dela uste du Linaresek. Horrez gain, sarean ere emakumeen gorputzen hipersexualizazioa badagoela ondorioztatu du. Halaber, nesken aurkako ziberindarkeria modu zehatzak errepikatzen dira, eta ziberjazarpena aipatu du adibidetzat. Azaldu duenez, ikerketan parte hartu duten bederatzi institutuetako zortzitan kasuren bat atzeman du.

Azkenik, nerabezaroan, eta bereziki nesken artean, "maitasun erromantikoaren mito batzuk normalizatuta eta integratuta" geratzen direla nabarmen du, eta horrek mendekotasun-harremanak izatera eramaten dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Youtube Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Sare sozialak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bideo-jokoak Matxismoa Feminismoa