Gizartea -
MME-ren txostena
Negutegi efektuko gasen kontzentrazioak marka berria erdietsi du
Munduko Meteorologia Erakundeko (MME) idazkari nagusiak deitoratu duenez, Parisko Akordioa gorabehera, "ez dirudi isurien kontzentrazioan dezelerazioa egongo denik, are gutxiago txikitze bat".
Agentziak | Erredakzioa
Gas isurien kopurua txikitzeko ahalegin eta promesak gorabehera, klima-aldaketaren eragile nagusiak diren negutegi efektuko gasen kontzentrazioak marka berria erdietsi zuen 2018an, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) kaleratutako azken txostenaren arabera. Hala, maila horri eutsiz gero, Lurraren berotzeak gero eta ondorio larriagoak izango dituela ohartarazi du.
Nazio Batuen Erakundearen menpeko erakundeak iazko datuei dagokien txostena kaleratu du gaur, Klimaren inguruko goi-bilera egin baino astebete lehenago. Horren arabera, karbono dioxidoaren (negutegi efektuaren eragile nagusia) kontzentrazioaren batezbestekoa milioi bakoitzeko 407,8 zatikoa izan zen, 2017an baino % 0,56 handiagoa.
Marka hori industriaurreko (1750. urtea) maila baino % 147 handiagoa da, eta azken 10 urteetako batezbestekoa baino igoera handiagoa ekarri du.
Metanoari (berotzearen bigarren eragile nagusia) dagokionez, milioi bakoitzeko 1,86 zatikoa izan zen iaz, industriaurrekoan erdietsitako maila halako bi (% 259).
"Ondorioak, gero eta larriagoak"
Datuon aurrean, "belaunaldi berriek klima-aldaketaren ondorio gero eta larriagoei egin beharko diete aurre", ohartarazi du MMEk.
Ondorio horien artean daude, besteak beste, "tenperatuen igoera, fenomeno meteorologiko gero eta muturrekoagoak, estres hidriko handiagoa, itsas mailaren igoera eta itsas zein lurreko ekosistemak aldatzea".
Petteri Taalas erakundeko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, duela hiru-bost milioi urte izan ziren karbono dioxidoaren kontzentrazio mailak horren altuak, eta orduko hartan "tenperatura orain baino bizpahiru gradu altuagoa zen, eta itsasoaren maila egun baino 10-20 metro altuagoa zen".
"Parisko Itunean erdietsitako konpromisoak gorabehera, ez dirudi isurien mailan moteltze edo dezeleraziorik egongo denik, eta are gutxiago txikituko direnik", deitoratu du.
"Ekintzak behar ditugu, eta asmo handiagoko helburuak jarri behar ditugu, gizateriaren etorkizuneko ongizatea bermatzeko", gaineratu du.