Gizartea -
Lehorreratzeko baimena
'Aita Mari' itsasoa baretzeko zain, Pozzallora abiatu eta bertan lehorreratzeko
Pozzallora iristeko duen zailtasunaren aurrean, salbamendurako ontziak erreskatatu zituen 78 migratzaileak ontziz aldatu ahal izatea eskatu du, baina ez du agintarien erantzunik jaso.
Agentziak | Erredakzioa
'Aita Mari' salbamendurako ontziak ostegunean Mediterraneo itsasoan erreskatatu zituen 78 migratzaileak Pozzallo portu siziliarrera eramateko baimena jaso du, baina itsasoa oso zakarra da eta baretzeko zain dago hara abiatu aurretik. Hori dela eta, erreskatatuak ontziz aldatzeko baimena eskatu die agintariei, baina ez du Italiaren erantzunik jaso, eta bihar abiatuko da portura.
Joan den igandeko gauerdia inguruan, Italiako agintariek baimena eman zuten Aita Marik erreskatatutako 78 pertsonak lehorreratzeko Pozzallon, Sizilia hegoaldean, euskal itsasontzia zegoen lekutik 26 milia nautikora.
"Pozzallo udalerriko portua hautatu dute Aita Mari ontzian dauden 78 pertsonak lehorreratu ahal izateko", baieztatu du gobernuz kanpoko erakundeak Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.
Ontziaren arduradunek azaldu dutenez, "itsasoaren egoera txarra" dela eta, ezin dira portura berehala sartu, eta itsasoa baretu arte itxaron beharko dute; izan ere, igande eguerdian ohartarazi zuten Siziliako kostaldearen aurrean depresio handia zegoela, eta Aita Mari salbamendu-ontziak eta Open Arms-ek (73 migratzaile daramatza) horren eraginak jasan behar zituztela.
Euskadiko gobernuz kanpoko erakundeak ohar baten bidez azaldu duenez, "salbamendurako ontzia Siziliako portu horretatik zazpi bat ordura dago", eta Augusta portua, esaterako, askoz ere gertuago du; bertan lehorreratzea ez litzateke hain nekeza izango itsasoan erreskatatutako migratzaileentzat, horien esanetan.
"Italiak hartutako erabakiari esker, erreskatatutako pertsonen sufrimenduarekin amaituko da. Ostegunetik zeramaten lurreratzeko portu seguru baten zain", nabarmendu du gobernuz kanpoko erakundeak.
'Aita Mari' ontziko arduradunek jakinarazi dutenez, ostegunean erreskatatutako 78 pertsonen artean hamahiru adingabe eta sei emakume daude. Gainera, zazpi hilabeteko haurdun dagoen emakume bat ere badago, besteak beste, antsietate-krisiak artatu behar izan dituen medikuen zaintzapean.
'Aita Mari' salbamendurako ontzia Getariako arrantzontzia izan zen lehen, eta joan den astean lau egun eman zituen Maltako SAR bilaketa eta erreskate gunean patruilatzen, Espainiako Gobernuak ontzi horri eta 'Open Arms'i ezarritako murrizketak direla eta.
Testuinguru horretan, igande honetan bertan, Italiako Gobernuak portu segurua eskaini dio 'Open Arms'i, erreskatatutako pertsonen osasun egoera "kritikoa" baita eta itsaso zakarra baitago. Dena dela, Kataluniako ontzia egoera berean dago, eta itsasoa baretu arte ezingo da porturatu.