Gizartea -

Gipuzkoa

Gipuzkoako 300 laikok Munilla gotzaina gaitzesten duen artikulu bat sinatu dute

Testuan, sinatzaileek zalantzan jartzen dute apezpikuak gaitasuna izatea "oraingo erronkei", erantzun "zentzuzko eta ebanjelikoa emanez, egungo andre-gizonek ulertzeko moduan heltzeko".

Jose Ignacio Munilla 2010etik da Donostiako gotzaina. Argazkia: EFE.
Jose Ignacio Munilla 2010etik da Donostiako gotzaina. Argazkia: EFE.
Jose Ignacio Munilla 2010etik da Donostiako gotzaina. Argazkia: EFE.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako parrokietan pastoralgintzan dabiltzan 303 laikok iritzi-artikulua izenpetu dute, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak egindako lana gaitzestea xede. Apezpikuak 2010eko urtarrilean hartu zuen Gipuzkoako Elizbarrutikoaren ardura.

Testuak 'Abenduaren 14an, Arantzazura' du izenburu; horrek aipamena egiten dio egun horretan, frantziskotarren santutegian, eta "Elizbarrutiko egoera dela eta" ospatuko den Eukaristiari. Artikuluaren sinatzaileek aurreratzen dute Meza horretan izango direla, eta gonbit egiten diete, halaber, bertara joateko "kristauei, eta gure herriari zerbitzu ebanjelikoa eman dion Eliza estimatzen duen hainbat eta hainbat gizon-emakumeri, bai eta elkartasuna adierazi nahi duten guztiei ere".

Artikuluan, izenpetzaileek zalantzan jartzen dute Munillak gaitasuna izatea "oraingo erronkei", erantzun "zentzuzko eta ebanjelikoa emanez, egungo andre-gizonek ulertzeko moduan heltzeko". Halaber, galdetzen dute nola izango den gai, "kristau elkarte bateko buru izateko, Ebanjelioko errukia eta gizatasuna beharrean moralismo zorrotza eta hotza astintzen maisu ageri dena". Testua babesten duten laikoen iritziz, gotzainak karguan daramatzan hamar urteetan, "gure herrian errotutako Eliza bat baino, Gipuzkoan arrotza den Eliza bat" hobetsi da.

Lau hamarkadatan eraikitakoa eraitsi dute

Sinatzaileek leporatzen diote Munillari "lau hamarkadatan eraikitakoa eraistea", bai eta "Gipuzkoako kristau elkarteari bizkarra eman izatea"; izan ere, apezpikuaren Eliza ereduak "klerikalismoa DNAn darama"; horretan, "parrokiak apaizarenak dira, Elizbarrutia gotzainarena da, eta laikoak klerikoen azpian gaude, horiei men eta amen, umeak bagina bezala".

Artilukua izenpetu duten 300 laikoek 'Eliza, Ebanjelioaren zerbitzura' bide-orri Kontziliotarraren baliozkotasuna aldarrikatu dute (duela hogei urte sinatu zuen Jose Maria Setien Donostiako garai hartako gotzainak). Bide-orri horrek ezarritako hastapenen aldean, laikoek salatzen dute Egungo Eliza "atzerakoia" dela, "gotzain boterearen abusua zerbitzu-jarrerari" gailentzen zaiola, "negozioa eta dirua egitea" direla gakoa, eta "manipulazioa eta gezurra" nagusitzen direla.

Horrez gain, izenpetzaileek deitoratzen dute apezpikuak ez duela ezer esan egun milaka migratzailek "Europako eta Ameriketako mugetan, baita Irungo zeharbidean ere" bizi duten egoeraz: "Gehiago hauteman dugu Jesusen Berri Onarekiko sintonia Elizbarrutiko kristau elkarte apal eta bizietan nahiz erakunde eta gizarte-ekintzaileetan. Tristea eta larria da, eskandalagarria, baina hala sentitzen eta pentsatzen dugu", zehaztu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Gipuzkoako albisteak EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erlijioa azken ordukoa Gotzain Biltzarraren albisteak gaur