Gizartea -

Mediterraneoa

'Aita Mari' ontzia Siziliako ekialderantz doa, porturatzeko baimena jasotzeko zain

Denborale bat saihesteko Siziliako ekialdera abiatu da 'Aita Mari', eta "bihar goizeko lehen orduan" helmugara iristea espero dute.

'Aita Mari' erreskate ontzia. Argazkia: 'Aita Mari'
'Aita Mari' erreskate ontzia. Argazkia: 'Aita Mari'
'Aita Mari' erreskate ontzia. Argazkia: 'Aita Mari'

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari ontzia Siziliako ekialdera doa; izan ere, eguraldiaren iragarpenak denborale baten berri eman du zonaldean. Iragan ostegunean, Mediterraneoan erreskatatu zituen 78 migratzaileak lehorreratzeko baimen bat jasotzeko zain dago ontzia.

Iñigo Mijangos gobernuz kanpoko Itsas Salbamendu Humanitario erakundearen presidenteak agiri batean azaldu duenez, "oraingoz" ez dute "agintarien" baimenik jaso portu seguru batean lehorreratu ahal izateko.

Gobernuz kanpoko erakundeak jakitera eman duenez, Aita Mari Siziliako ekialderantz doa borraska saihesteko, eta "bihar goizeko lehen orduan" helmugara iristea espero dute.

78 pertsonak, tartean sei emakume eta bederatzi adingabe, "egoera onean" daude, baina nekatuta. Horietako batzuek "ezaugarri klinikoak dituzte eta denborak aurrera egin ahala okerrera egin dezakete, estres postraumatikoa dutelako", azaldu du Mijanogosek.

Emakume bat haurdun dago; beste bati zesarea egin zioten orain dela gutxi, eta "depresio sakon" bat du, erantsi duenez.

Itsas Salbamendu Humanitarioko presidentearen ahotan, gobernuz kanpoko erakundeak portua eskatzeko "kudeaketak egiten" jarraitzen du. Eskaerari "lehenbailehen" erantzutea espero dutela gaineratu du.

Bestalde, Open Arms (73 migratzaile ontzian) eta Ocean Viking (213 pertsona) ontziak egoera berdinean daudela gogorarazi du gobernuz kanpoko erakundeak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Errefuxiatuak Giza eskubideak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Aita Mari ontzia Mediterraneo itsasoa gaur