Gizartea -

DENBORALEA

Haize ufadek arazo ugari sortu dituzte Donostian

Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideetan ere, gertakari ugari egon dira, euri jasen eta haizeteen ondorioz.

Donostia, gaur. Argazkia: EiTB.
Donostia, gaur. Argazkia: EiTB.
Donostia, gaur. Argazkia: EiTB.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goiz korapilatsua izan da gaurkoa Donostian, haize zakarrak arazo ugari sortu baititu. Zenbait lekutan, orduko 114 kilometrorainoko ufadak izan dira, eta udaltzainak eta suhiltzaileak etenik gabe aritu dira lanean; denboraleak eragindako 90 bat gertakari izan dira, guztira, Gipuzkoako hiriburuan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 15:00ak arte izan du ezarrita abisu horia, eta arratsalderako egoera asko baretu da.

Besteak beste, eraikinetako teilak eta teilapeak harrotu ditu haizeak Gipuzkoako hiriburuan. Askatasunaren etorbideko 27.  zenbakian, esaterako,  oinezko baten gainera erori da teila zati bat. Kolpea bai, baina ez da ezer larririk gertatu.

Arbolak eta zuhaixkak ere erori dira, han eta hemen. Tolosa etorbidean eta Mendiolarako bidean erori diren arbola handienak, eta argindar sarean kalteak eragin dituzte.

Halaber, edukiontziak, Gabonetako apaingarriak edota aparkatutako motoak bota ditu haizeak. Suhiltzaileen arabera, kalte materialak izan badira ere, gertakari larririk ez da jaso.

Suhiltzaileek 26 irteera egin dituzte Bizkaian

Bizkaian, goizeko zortzietatik arratsaldeko bostetara arte, suhiltzaileek 26 irteera egin dituzte, haize-boladek eragindako gorabeherez arduratzea xede.

Jakitera eman dutenez, besteak beste, Mallabian zirkulaziorako arriskutsua zen eroritako zuhaitz bat kendu dute errepidetik; Lezaman eta BI-3238an, Ibarrangelun, gauza bera egin behar izan dute. Mundakan, kiroldegiaren teilatua sendotu dute; eta probintziako zenbait puntutan, haizeak botatako kartelak eta antenak kendu dituzte.

Haize-ufadek ondorengo herrietan ere izan dute eragina: Aulestin, Ereñon, Portugaleten eta Sopelan. Azken udalerri horretan, boladek zuhaitzak, teilak eta erretenak mugiarazi dituzte. Plentzian, azkenik, haizeak hesi bat bota du, errepide baten ondoan.

Tren-garraioan, gorabeherak

Zuhaitz eta adar ugari jausi dira, azken orduetan, eta horrek tren-garraioan ere izan du eragina. Adibidez, Bilbo-Burgos eta Bilbo-Balmaseda lineetan, errepidez eraman behar izan dituzte bidaiariak, tarte batzuetan.

Laudio eta Ugaoren artean, katenaria tentsiorik gabe izan da, eta, ondorioz, trenbidea itxita utzi dute arratsaldeko lehen ordura arte. Aldirietako Renferen C-3 linean, batez beste, 15 minutuko atzerapenak izan dituzte trenak, Adifen jakitera eman duenez.

Halaber, Sodupe eta Zaramilloren artean, Bizkaian, trenak ez du ibiltzerik izan, Bilbo-La Calzada tartean zuhaitz bat jausi baita; ondorioz, bidaiariak errepidez eraman behar izan dituzte, han ere.

Errepideetan, arazoak

Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideetan arazo ugari egon dira, euri jasen eta haizeteen ondorioz. Segurtasun Sailaren arabera, haizearen ondorioz, zuhaitzak erori dira errepidera AP-8 autobidean, Errenterian, 35. eta 16. kilometroen parean. Itxi egin dute bidea bi toki horietan.  Autobide horretan bertan, Oiartzunen, ur putzu handi bat dago bidearen erdian, eta errei bat itxita dago.

Bizkaian ere, Segurtasun Sailaren arabera, arbolak eta zuhaixkak erori dira bideetara, eta ondorengo errepideetan arazoak izan dira: Ondarroa eta Lekeitio artean BI-3438 errepidea, Bermeon BI-631a, Mañarian BI-623a (Urkiolara bidean), Gamiz-Fikan BI-3102a, Bakion BI-3152a, Muxikan BI-635a eta Arrietan BI-2121a.

Zaldibarren, bestalde, N-634 errepidean ur putzuak daude, eta kontuz gidatzeko gomendatu die gidariei Segurtasun Sailak.

Nafarroa ipar-mendebaldean eta erdialdean ere abisu horia dago ezarrita, haizeagatik.

149,5 km/h-ko haize-bolada, Matxitxakon

Haizea benetan bizi ibili da azken orduetan. Bizkaian, Matxitxakon, 149,5 km/h-ko ufada bat jaso dute; Karrantzan, Cerrojan, 147,5 km/h-ko bolada bat izan da. Oizen, aldiz, 123,1 km/h-ko haizea neurtu dute.

Gainera, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, mendiguneetakoak edo itsasaldekoak ez diren hainbat puntutan ere nabarmentzeko ufadak izan dira; Mungian 105 km/h-ko haizea neurtu dute, eta 90,68koa Arteagan.

Olatuak ere handiak izan dira: Pasaiako portuan, olatu handienen batezbesteko altuera 4,76 metrokoa izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Nafarroa Araba Denboraleak albisteak Eguraldia Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak