Gizartea -
Nafarroa
Iruñeko lokal bat hustu dute, baimendutakoa baino 107 pertsona gehiago zeudelako
Horrez gain, ostalaritza-lokal horretako atezaina zigortu dute, barrura sartutako pertsonen gaineko kontrola behar bezala ez egiteagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Udaltzaingoak hiriko erdiguneko ostalaritza-lokal bat hustu du goizaldean, baimendutakoa baino 107 pertsona gehiago zeudelako barruan. Areto horrek gehienez ere 96 lagun hartzeko edukiera du, baina udaltzainak bertaratu direnean 203 pertsona zeuden barruan.
Udaltzaingoak Twitter bidez zabaldutako mezu batean jakitera eman duenez, 01:20an bertaratu dira lokal horretara.
Hala, aretoa hustu eta arduradunari irekitako zehapen-espedientearen berri eman ondoren, bere jarduerari berriro ekiteko baimena eman diote, legeak baimendutako kopurua errespetatuz gero.
Horrez gain, ostalaritza-lokal horretako atezaina zigortu dute, barrura sartutako pertsonen gaineko kontrola behar bezala ez egiteagatik.