Gizartea -
Gripearen aurkako kanpaina
Gripearen aurkako txertoa hartzeko kanpaina abendura arte luzatu du Osakidetzak
EAEn gripearen eragina oraindik oso txikia da, baina datozen asteetan egoera hori alda daitekeela ohartarazi du Osasun Sailak.
Agentziak | Erredakzioa
Gripearen aurkako txertoa hartzeko kanpaina larunbat honetan amaitzea aurreikusita zegoen arren, abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, ohar baten bidez jakitera eman dutenez.
Gripearen aurkako kanpaina urriaren 14an hasi zen, eta, lehen bost aste hauetan, 311.766 pertsonak hartu dute txertoa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Iazko datuekin alderatuta, mila lagun inguru gehiago joan dira txertoa jartzera, batez ere 65 urtetik gorakoak (% 80), Osakidetzak emandako datuen arabera.
Testuinguru horretan, gripearen aurkako prebentzio neurri eraginkor bakarra "immunizazioa" dela gogorarazi du Osasun Sailak, eta gaixotasun honen aurrean "arduraz jokatzeko" eskatu die herritarrei.
Ildo horretan, 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoak dituztenek eta haurdun daudenek osatzen dituzten arrisku-taldeek txertoa hartzea oso garrantzitsua dela esan du berriro Jaurlaritzak ohar baten bidez.
Kanpaina honetarako, 400.000 dosi baino gehiago eskuratu dituzte, eta kopuru hori handitu egin daiteke, beharrezkoa bada. Dosi horiek erosteko, 1,4 milioi euro inbertitu dira, aurreko kanpainan baino % 16 gehiago.
EAEn, gripearen eragina oso txikia da oraindik, baina datozen asteetan egoera hori alda daitekeela ohartarazi du Osasun Sailak.
Iaz, gripea zuten 1.662 pertsona ospitaleratu zituzten, eta horietako 435 larri egon ziren. Gainera, 79 pertsona hil ziren, hau da, aurreko denboraldian baino 25 pertsona gutxiago. Gripeak 2019ko hirugarren astean izan zuen eragin handiena: 100.000 biztanleko 532,5 kasu erregistratu zituzten astebetean.