Gizartea -

Haurren Munduko Eguna

Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena ez da guztiz bete 30 urte pasatu ondoren

Unicef eta Save The Children erakundeek salatu dutenez, 195 estatuk, Espainiak barne, berretsi duten Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena bete gabe dago.

Sexu indarkeria salatu duten bi pertsonetatik bat adingabea da. Argazkia: Pixabay.
Ume baten irudia zirriku batetik begira
Sexu indarkeria salatu duten bi pertsonetatik bat adingabea da. Argazkia: Pixabay.

EiTB.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1989ko azaroaren 20an sinatu zen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena, Haurren Munduko Eguna ospatzen den egun berean. Espainiak 1990ean berretsi zuen nazioarteko tresnarik onartuena, guztira 195 estatuk sinatu baitute. Egun, AEB da hitzarmena onartu ez duen herrialde bakarra. 30 urte hauetan aurrerapenak lortu diren arren, Unicef eta Save The Children erakundeen arabera, haurren eskubideen urraketa larriak egiten dira oraindik.

Save the Childrenen esanetan, sexu-indarkeria salatu duten bi lagunetik bat adingabea da, eta adingabeen % 25ek baino gehiagok tratu txarren bat jasan duela azpimarratu du. Era berean, hamar gaztetatik zazpik haurtzaroan ziberbullyinga jasan dutela gaineratu du. Unicefen arabera, errenta baxu eta ertaineko herrialdeetan baliabide urriak dituzten haurrek bost urte bete baino lehen hiltzeko aukera bikoitza dute. Halaber, zazpi milioi haur baino gehiago ez direla aske nabarmendu du.

Save The Childrenek esan duenez, Espainia haur pobrezia handiena duen Europar Batasuneko hirugarren herrialdea da: bi milioi haur baino gehiago bazterturik bizi dira bertan. Gainera, erakundeak autonomia-erkidego batzuen eskola-bereizketa salatu du. Madrilen, esaterako, hamar ikastetxetik bi ghetto bihurtu dira. 0 eta 3 urte arteko haurren herena ez da haur eskolara joaten, gaineratu du gobernuz kanpoko erakundeak.

Save The Childrenen datuen arabera, 2018an Gibraltarreko itsasartetik Espainiara iritsi ziren etorkin guztien % 12 adingabe migratzaileak ziren. Andres Conde Save The Children erakundeko zuzendari nagusiaren hitzetan, "Espainian adingabe migratzaileek jasaten duten estigmari eta kriminalizazioari aurre egin behar diogu. Ez dugu ahaztu behar beren jatorrizko herrialdeetan indarkeria- eta pobrezia-egoeretatik ihes egiten duten adingabeez ari garela. Haien eskubideak bermatu behar ditugu, eta era berean, gizartea, ordezkari politikoak eta komunikabideak kontzientziatu eta informatu behar ditugu".

Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak argitaratutako txosten bati erreparatuz gero, Saharaz Hegoaldeko Afrikan familia pobreenetako haurren erdiek baino ez dute elgorriaren aurkako txertoa jarri; etxe aberatsenetan, berriz, % 85ek jarri du. GKEek adierazi dutenez, egunero Pakistanen, Sierra Leonan, Yemenen eta Bangladeshen 34.500 neska 18 urte bete aurretik ezkontzera behartzen dituzte, eta 3 milioi neskari genitalen mutilazioa egin zaie.

Hala ere, Unicefek txostenean 30 urte hauetan lortutako aurrerapenak ere jasotzen direla nabarmendu du: bost urtetik beherakoen heriotza-tasa % 60 murriztu da, lehen hezkuntzan eskolara joaten ez diren haurren proportzioa % 18tik % 8ra murriztu da, eta hitzarmenaren printzipio nagusiek mundu osoko konstituzio, lege, politika eta praktika askotan dute eragina.

Bestalde, Save The Childrenek ohartarazi du mundu osoko 420 milioi haur gune gatazkatsuetan bizi direla, azken 20 urteetan erregistratutako kopururik altuena. Gainera, Nazio Batuen Erakundeak azpimarratu du 2010etik gatazka armatuetan egindako urraketa larrien kopurua hirukoiztu egin dela, 25.000tik gora izan baitira.

Afganistanen, 3,7 milioi haur baino gehiago ez dira eskolara joaten; Sirian, berriz, 2,1 milioi dira, eta, oro har, hiru ikastetxetik bat hondatuta edo suntsituta dago. Yemenen, munduko krisi humanitario larriena bizi duen herrialdean, hiru neskatik bat eta lau mutiletik bat ez dira eskolara joaten, eta duela lau urtetik hona Saudi Arabiak gidatutako koalizioak ezarritako blokeoaren erruz, 85.000 haur baino gehiago hil dira desnutrizioaren ondorioz.

Unicefen arabera, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoak asteartean, azaroaren 26an, argitaratuko duen ikerketaren arabera, 7 milioi haur baino gehiago daude migratzaileen atxiloketa-zentroetan, poliziaren zaintzapean eta espetxeetan.

Eusko Jaurlaritzaren omenaldi ekitaldia

Haurren Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 60 urteak direla eta, Iñigo Urkullu lehendakariak "hurbiltasun, adostasun eta konpromiso handiagoa" proposatu du, "Euskal gizarteak haurrei helarazi behar dien ondarearen oinarri gisa".

EAEko hainbat ikastetxetako 11 eta 15 urte bitarteko 70 haurrek hainbat galdera egin dituzte Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egoitzan egindako ekitaldi batean. Urkulluren hitzetan, "zuen iritziak, kritikak, ideiak eta ekimen berrien proposamenak entzun ditugu, aurrera nola egin behar dugun pentsatu nahi dugulako, orain zer planteatu behar dugun 10, 30 eta 60 urte barru hobetzen jarraitzeko".

Iñigo Urkulluk azaldu duenez, "abian jartzen ditugun ekimenak haurren hurbiltasunari begira diseinatu behar ditugu, eta arlo horretan esperientzia duten hirugarren sektoreko erakundeekiko konplizitatetik gauzatu. Horregatik da hain garrantzitsua UNICEFen parte-hartzea", esan du.

Topaketan, bideo bat jarri dute, eta Umeen Eskubideak irakurri dituzte; eskubide horiek duela 60 urte onetsi ziren. "Gure asmoa da Euskadi munduan erreferentziazko eredu izatea, haurren eskubideekiko hurbiltasunagatik, adostasunagatik eta konpromisoagatik, haiek izango baitira planeta kudeatu eta berreskuratuko dutenak eta hura bidezkoagoa eta humanoagoa izatea eragingo dutenak", esan du.

Hemen, Haurren Eskubideen Hitzarmenaren 30 urteak ospatzeko ekitaldia, Gasteizen:

Haurren Eskubideen hitzarmenaren 30 urteak ospatzeko ekitaldia, Gasteizen
Haurren Eskubideen hitzarmenaren 30 urteak ospatzeko ekitaldia, Gasteizen
Haurren Eskubideen hitzarmenaren 30 urteak ospatzeko ekitaldia, Gasteizen

1:56
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa Eskubide unibertsalak GKEak