Gizartea -
Indarkeria matxista
2019ko Beldur Barik Topaketa Bilbon egingo dute, azaroaren 23an
Beldur Barik Topaketaren hamargarren edizioa Azkuna Zentroan izango da. Bertan, 2.200 gaztek baino gehiagok parte hartu duten lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
EiTB.eus | Erredakzioa
Azkuna Zentroan (Bilbo) egingo dute Beldur Barik Topaketaren hamargarren edizioa, indarkeria matxista saihestea helburu duen gazteentzako programa. Emakundek; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EiTBren laguntzarekin.
Azaroaren 23ko topaketan, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako Beldur Barik lehiaketaren sariak banatuko dira. Edizio honetan, 2.200 neska-mutilek baino gehiagok egindako 298 lan aurkeztu dira: 12-13 urtekoen kategorian, 45 lan egin dira; 14-18 urtekoenean, 189, eta 19-26 urtekoenean, berriz, 64.
Aurkeztutako lanek ezberdintasun egoeretan Beldur Barik jarreraren bidez aurre egiteko modua erakusten dute, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian zein erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarrituta. Lanek argi erakutsi dute gazteek gero eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak. Aurtengo gai nagusiak nesken ahalduntzea, generoak markatutako rol eta estereotipoak eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurreko erantzun kolektiboa izan dira.
Gaur goizean egindako aurkezpenean, hauek izan dira: Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua; Nerea Melgosa, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria; Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria; Josune Irabien, Amurrioko alkate eta EUDELen ordezkaria, eta Nekane Alonso, Bilboko Udaleko Berdintasun zinegotzia.
Datorren larunbaterako programazioan, aukera zabala izango da, Irati Garciaren “Rompe con las dietas”, GOIAN elkartearen “Nire dantza, nire arauak”, JOKABIDEren “Maite, indarkeriari buruzko istorio bat” eta Queer Avengersen “Cyber-activismo y la juventud”, tartean. Sari banaketa amaitutakoan, La Basuk kontzertua emango du. Doako autobus zerbitzua eskainiko zaie hiru probintzietako parte-hartzaileei, inolako arazorik gabe bertaratu eta itzuli ahal izateko.