Gizartea -

Trafikoa

Stop Accidentes elkarteak 'bide indarkeriarako' epaitegi bereziak sortzea eskatu du

Elkarteak ekitaldia egin du Gipuzkoako Aldundiaren egoitza aurrean, Donostian. "Biktima bakarra gizartearen porrota da", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak.

Dantzari bat Stop Accidentes elkartearen ekitaldi batean. Argazkia: EFE/Chema Moya
Dantzari bat Stop Accidentes elkartearen ekitaldi batean. Argazkia: EFE/Chema Moya
Arretaz gidatzea da trafiko-biktimak omentzeko modurik onena, Jaurlaritzak dioenez

1:34

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Stop Accidentes elkarteak Donostian, ekitaldi batean, salatu duenez, "bide indarkeria giza hondamendi handienetako bat da, gizartearen eta gobernarien axolagabekeriak isildua".

"Pandemia honi konponbiderik ez jartzearekin haserre gaude, horregatik, eskatzen dugu: Justizia Ministerioari bide indarkeriarako epaitegi bereziak sortzea, abenduaren 28ko 38/1988 Legeak arautu bezala, justizia herritarrengana hurbildu behar delako; biktimen beharrizanak behar bezala artatzeko eta esparru judizialean azpiegitura egokia izateko", azpimarratu dute ohar batean.

Stop Accidentes elkarteak ekitaldia egin du Gipuzkoako Aldundiaren egoitza aurrean, Donostian. Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria bertan izan da, eta EAEko Exekutiboa biktimen erregistro bat egiten ari dela azaldu du. Gainera, bide segurtasuna "guztien erantzukizuna" dela adierazi du.

Euskadin, 2000tik biktimen kopuruak behera egin duela gogorarazi du Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, baina "biktima bakarra gizartearen porrota" dela esan du. "Lanean jarraitu beharra dago zero istripu ikuspegiarekin", erantsi duenez, "oraindik bide luzea dugu aurretik".

Munduan 1.355.000 pertsona hil eta 50 milioi zauritzen dira urtero. Espainian, 1.806 pertsona hil ziren iaz trafiko-istripuetan, eta 8.935 ospitaleratu behar izan zituzten zauri larriekin.

Jadanik 17 urte bete dituzte 'Bide Indarkeriako Biktimen Nazioarteko Egunaren' oroitzapena egiten.

"Pandemia honi konponbiderik ez jartzearekin haserre gaude"

"Urratzailearentzat justizia hezitzaile, biktimentzat ordaingarria eta gizartearentzat prebentiboa", aldarrikatu du elkarteak.

Gainera, delitu biktimn Estatutuaren artikulu guztiak betetzea exijitu dute. Estatutua 2015ko apirilaren 27an onartu zuten. Biktimari babesa eta laguntza ez da bakarrik materiala eta ekonomikoa izan behar, "dimentsio morala" izan behar du, Estatutuaren arabera.

Zentzu horretan, Delitu Biktimen Bulegoek artatzea aldarrikatu du elkarteak; izan ere, martxan dira egoitza judizial ezberdinetan.

Bestalde, indarkeriaren biktima guztientzako estatu-idazkari bat izatea eskatu dute, "tragedia gertatu eta berehalako larrialdiaz haratago, bizitzari berriz heltzeko eta eskubideak babesteko, Administrazioaren beharrezko babes eta laguntza aurkitzeko".

"Bide indarkeriako" biktimen senideek elkarretaratzea egingo dute Madrilgo Callao plazan, justizia eskatzeko eta senitartekoak gogorarazteko, gidari mozkor edo drogatuen erruz bizitza galdu zutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak