Gizartea -

ERASOA

Gizon bat atxilotu dute Errenterian, beste bati labana sartzeagatik

Iztieta auzoko taberna batean gertatu da eraso. 64 urteko gizon bat beste bezeroak molestatzen ari zela, horietako batek kargu hartu dio. Spraya bota dio erasotzaileak aurpegira eta labankatu egin du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

64 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Errenterian, beste gizon bati defentsarako spraya aurpegian bota eta labanaz zauritzeagatik. Lesioak leporatzen dizkiote.

Ertzaintzak jakitera eman duenez, gauerdian gertatu da erasoa Iztieta auzoko taberna batean.

Lekukoek kontatu dutenez, atxilotua bezeroak molestatzen ari zen eta horiek kargu hartu diotenean, horietako bati defentsarako spraya bota dio aurpegian. Biktima komunera joan denean aurpegia garbitzera, atzetik jarraitu eta labana sartu dio sabelaldean.

Tabernara joan diren agenteek erasotzailea identifikatu eta motxila miatu diote. Defentsarako spray bat eta bi labana aurkitu dizkiote, eta atxilotuta eraman dute.

Epailearen esku geratu da gaur goizean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Errenteria Albisteak