Gizartea -

Olatuengatik itxita

Sei laguni isuna jarri diete Pasealeku Berrira igarotzeko debekua urratzeagatik

Udaltzaingoak ez daki nola zeharkatu dituzten ibilgailuentzat eta oinezkoentzat jarri dituzten hesi handiak.

Hainbat surflarik olatuen indarra ikusten dute Zarauzko hondartzan. Argazkia: Lorentxo Portularrume
Hainbat surflarik olatuen indarra ikusten dute Zarauzko hondartzan
Olatu ikusgarriak izan dira euskal kostaldean

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udaltzaingoak isuna jarri die sei pertsonari Pasealeku Berrira igarotzea eragozteko jarritako hesiak zeharkatzeagatik, olatuen denboralearen ondorioz oinezkoentzat eta ibilgailuentzat itxita baitago.

Udaltzaingoaren arabera, ez dakite nola zeharkatu dituzten Pasealeku Berrira ibilgailuak eta oinezkoak ez igarotzeko jarri dituzten hesi handiak; izan ere, olatuengatik ezarritako alerta laranjak pasealekua ixtea ekarri du, eta asteazken eguerditik aurrera irekiko dute oinezkoentzat, abisu horia igarota.

Donostiako Udalak Pasealeku Berria itxi zuen atzo ibilgailuentzat eta oinezkoentzat, baita Leizaola pasealekua eta Haizearen Orrazia ere.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak olatuek kostaldean talka egiten duten eremuetara ez hurbiltzeko eskatu du, olatuek harrapatu eta herrestan eramateko arriskua dagoelako. "Argazki ikusgarri batek ez du behar ez den arrisku bat hartzerik merezi", gaineratu du.

Gaur, asteazkena, eguraldi ilun eta euritsuarekin hasi da eguna. Alde horretatik, euria ugaria eta iraunkorra izan daiteke goizean, baina, orokorrean, atertzeko joera izango du arratsalderako. Elur-mailari dagokionez, 1.500 metrotik gora egongo da egunaren lehen zatian, baina 1.200-1.300 metrora jaitsiko da arratsaldean.

Ostegunean, fronte aktibo bat iritsiko da goizaldean, eta prezipitazio ugari utziko ditu. Goizean zehar, fronteak lurraldea zeharkatu ostean, aterruneak izango dira, baina zaparradak eta ekaitzak iritsiko dira arratsaldean. Ildo horretatik, txingorra ere bota dezake.

Elur-mailari dagokionez, 700-900 metrora jaitsiko da, baina beherago ere egin dezake tarteka. Horrela, Jaurlaritzak abisu horia ezarriko du. Goizean, mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da kostaldean, baina, egunak aurrera egin ahala, indarra galduko du, eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira arratsaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Hondartzak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ondarreta hondartza Bermeoko hondartza Kontxako hondartza Zarauzko hondartza Arrigunaga hondartza Ereaga hondartza Hotz boladak