Gizartea -
Alerta meteorologikoak
Abisu horia euriagatik, igande gauera arte
18:00etan sartuko da indarrean abisu horia EAEn eta Iparraldean, eta 21:00etan Nafarroan. Gainera, abisu horia ezarri dute elurragatik 1.000 metrotan Euskal Herri osoan.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du euriagatik larunbat eta igande honetarako EAEn. Larunbateko 18:00etan aktibatuko da abisua eta bere horretan mantenduko da igandeko 18:00ak arte.
Kantauri isurialdeko hainbat puntutan, metro koadroko 60 litro ur pilatu daitezke 24 ordutan. Gainera, ekaitza eta kazkabarra izango da han-hemenka.
Gainera, 21:00etik hasita, elurragatik ere abisu horia ezarri dute EAEn, 1.000 metrora egin dezakeelako. Abisua igandeko 24:00ak arte egongo da indarrean. Goizaldean 800-900 metrora jaitsi daiteke elur-kota.
Iganderako eguraldi txarra iragarri du Euskalmetek. Euria zarra-zarra egingo du, kostaldean batez ere, eta kazkabarra ere bai. 18:00ak arte indarrean izango da abisu horia. Itsasoan ere abisu horia egongo da egun osoan zehar, olatu handiengatik.
Nafarroan ere bi abisu hori ezarri ditu AEMET Meteorologia Agentziak, gaurko 21:00etatik aurrera.
Batetik, Nafarroa iparraldean, Kantauri aldera jotzen duen aldean, euriagatik ezarri dute abisu horia igandeko 24:00ak arte. 12 ordutan 12 mm pilatu daitezke.
Bestalde, Nafarroako Pirinioetan, elurragatik ezarri dute abisu horia igandeko 24:00ak arte. 800 metrotan izango da elur-kota eta elurra 1.000 metrotik gora pilatzen hasiko da.
Iparraldean ere antzeko egoera izango da. Meteofrance agentziak gaurko 18:00etatik aktibo izango ditu hiru abisu hori: haizeagatik, euriagatik eta elurragatik gainaldeetan.