Gizartea -

Neguko Bidezaintza Plana

Elurra egiten duenean zirkulazioa bermatzeko prebentzio neurriak hartu ditu Gipuzkoak

Lehen aldiz, azken bi neguetan egindako mapa termikoaren datuetan oinarrituko da plana, eta aurreikuspen meteorologikoa hobetzea ahalbidetuko du.

Elurra kentzeko makina bat. Artxiboko argazkia: Efe
Elurra kentzeko makina bat.
Elurra kentzeko makina bat. Artxiboko argazkia: Efe

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019-2020 Neguko Bidezaintza Planaren xehetasunak aurkeztu ditu ostiral honetan. Plan hori azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean egongo da indarrean, eta Euskalmetek izotzagatik (edozein kotan) edo elurragatik (1.000 metrotik behera) abisuak ezartzen dituenean aktibatuko dute.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Silvia Perez Errepideetako zuzendariak agerraldia egin dute goizean, plan horren nondik norakoak azaltzeko. Zehazki, 86 kamioi izango ditu, eta ahalmen handiko hainbat garabi gehituko zaizkie N-1 errepidean eta A-15 autobian. Baliabide horiek, ibilgailu astunen batek errepidea oztopatuko balu edo arazoren bat izango balu erabiliko lirateke.

Neguko Bidezaintza Planak 3,1 milioi euroko aurrekontua du. Iaz, plan hori zortzi aldiz aktibatu zen, eta horietako batzuk prebentzio modura. "Oso negu ona izan zen aurrekoarekin alderatuta, elur gutxi egin zuen eta maila altuagoetan, baina orduan gehitu genituen baliabide guztiak mantentzea erabaki dugu, ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko", azaldu du Oiarbidek.

Lehen aldiz, gainera, Aldundiak azken bi neguetan egin duen mapa termikoaren datuetan oinarrituko da plana, eta aurreikuspen meteorologikoa hobetzea ahalbidetuko du, beste elementu batzuen erabilera eraginkorragoarekin. Mapa horrek, sarearen ezaugarri termikoak erakusten ditu, eta eremu desberdinen arteko alderaketa termikoa egiteko aukera ematen du.

Oiarbidek nabarmendu duenez, mapa termikoak aukera ematen du eguraldiaren iragarpena galtzadaren egoerara egokitzeko, inguruko tenperaturaren arabera. "Gainera, errepideko punturik hotzenak ezagutuz gero, sentsoreak zein lekutan jartzeko baliagarriak diren datuak ematen dizkigu, edota izotza agertzeko aukera balego, kritikoenak diren tokien egoerari buruzko informazio zehatzagoa izateko aukera".

Testuinguru horretan, Bide Azpiegituretako Saila lau sentsore berri instalatzea aztertzen ari dela jakinarazi du, puntu kritiko batzuen kontrol zehatzagoa izateko asmoz.

Guztira, 9.700 tona gatz bilduko dira, 38 biltegitan banatuta, Andoaingo gatz-biltegi berria barne. Andoaingo silo berria iaz jarri zuten martxan, eta 675.000 euro bideratu zituzten horretarako. Gainera, 1.000 tona gordetzeko ahalmena du.

Bide Planaren helburua lurraldeko errepide-sarea baldintza egokietan mantentzea da, alegia, izotzik eta elurrik gabe. Alabaina, Trafiko Zuzendaritzaren gomendioak jarraitzea garrantzitsua dela azpimarratu du foru diputatuak, ahal den neurrian arriskuak saihesteko.

Urtero bezala, erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa izango da Neguko Bidezaintza Planaren funtzionamendurako. Bide Azpiegituretako Departamentuak, beraz, elkarlanean jardungo du Bidegirekin, Gipuzkoako suhiltzaileen parkeekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Ertzaintzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Arabako eta Bizkaiko aldundiekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak N-1 A-15 autobia