Gizartea -
Gasteiz
Jaurlaritzak tranbia Salburura luzatzeko lanak lizitatu ditu, 17,2 milioigatik
Adar berriak bost geltoki berri izango ditu, eta ekialdean dauden auzoek lotura hobea izango dute erdigunearekin eta EHUko campusarekin.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez, Gasteizko tranbia Salburura (hiriaren ekialdea) luzatzeko lanak lizitatuko ditu bihar, ostiralarekin. Lanok 17,2 milioi eurokoa aurrekontua dute (BEZ gabe), eta 30 hilabeteko epean amaitu beharko dira.
Adar berri horrek bost geltoki berri izango ditu 2,5 kilometroko ibilbidean: San Luzia, La Iliada, Nikosian, La Union eta Salburua. Adar berri hori gaur egun dauden hiruretara (Abetxuko, Lakua eta Erdialdea) batuko da, horrenbestez.
Beste adarrekin egin zuten bezala, hiru erakunderen lankidetzarekin eraikiko dute Salburuako hori ere. Hots, Eusko Jaurlaritzak % 65 jarriko du, eta Aldundiak eta Udalak, berriz, erdi bana finantzatuko dute gainerakoa (% 17,5).
Guztira, instituzio ezberdinen arteko finantzaketa hitzarmenaren kopuru orokorra 24 milioi eurokoa da: 17,2 milioi orain lizitatzen den obra zibilari dagozkio, eta, gainerakoa, aurrerago burutuko den instalazioari.
Ekialdea, erdigunera hobeto lotua
Tranbiaren luzapenak hiriaren ekialdean dauden auzoen zuzeneko lotura hobetzea ahalbidetuko du. Zehatz esanda, Santa Luzia eta Salburua auzoak erdigunearekin, Lakuako autobus geltokiarekin eta gaur egun dauden lineen zerbitzuak dituzten guneekin.
Era berean, auzo horiek hegoalderekin eta EHUko campusarekin lotzeko aukera ematen du, 2020an martxan jarriko den hegoaldeko luzapenari esker.
Tranbia Salbururaino luzatzeak gune urbanizatu berriak sortzen eta bidegorri sarea luzatzen lagunduko du. Izan ere, 70.860 metro koadro urbanizatuko dituzte. Horietatik ia 22.000 tranbiaren trazadurari berari dagozkio, baina udal bidegorrien sareak 2.390 metro lineal gehiago irabaziko ditu. Gainera, tranbiaren trazatu berriaren % 95 bide berdetik joango da.
Bestalde, Euskotrenek jakinarazi duenez, bere unitateen ahalmena handitzea erabaki du. Horretarako, CAFek Irungo lantegian egin dituen 7 ibilgailu artikulatu arin txertatuko ditu konpainiak. Unitate berri horiek 25 milioi euro inguruko aurrekontua izan dute.
Egokitzapen horri esker, ohiko tranbia erabiltzen duen pertsona kopurua handitu ahal izango da. 270 pertsona eraman ditzakeen 5 kotxeko tranbiatik, 400 eraman ahal izango dituen 7 kotxeko tranbiara igaroko da.
Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, bere ahalmen osoarekin zirkulatzen duen tranbia bakoitzak 4 autobusek eta 200 autok daramaten pertsona kopurua mugi dezake. Horrek karbono dioxido isurketak nabarmen murriztea ekarriko du.