Gizartea -
indarkeria matxista
Espetxealdi iraunkorra ezarri diote bikotekidea eta haren semea hil zuen gizon bati
Emakumea eta semea Eibarren jaiotakoak ziren, eta hilketa Alcobendasen (Madril) bizi ziren etxebizitzan gertatu zen, 2017ko maiatzaren 2an.
agentziak | erredakzioa
Madrilgo Auzitegiak espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri dio bikotekidea eta haren semea hil zuen gizonari. Emakumea eta semea Eibarren (Gipuzkoa) jaiotakoak ziren; hilketa, berriz, Alcobendasen (Madril) bizi ziren etxebizitzan gertatu zen, 2017ko maiatzaren 2an.
Epaimahaiak erruduntasun epaia eman ostean emandako ebazpenaren arabera, "akusatuak emakumearen heriotza eragin zuen, emakume izateagatik eta harengandik bere jokabideagatik egindako gaitzespenak ez onartzeagatik".
Epaimahaiaren ustez, "akusatuaren jokabideak islatzen du ez zuela emakumearen berdintasuna onartzen bere bikotekide-egoera arautzeko, eta horrela esaten du jo egiten zuela barre egiten ziolako edo ez zuelako onartzen emakumeak elkarbizitza haustea erabaki zezakeenik".
Halaber, hildakoaren beste bi seme-alabei 180.000 euroko kalte-ordaina eta emakumearen gurasoei 120.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu dute.
Emakumea eta haren semea hil ondoren, gizonak etxea utzi zuen; garbitu eta arropaz aldatu ondoren, Madrilgo Chamartin geltokira joan zen; handik trenez Irunera (Gipuzkoa) joan zen, eta, ondoren, Frantziara.
Akusatua hilaren 30ean atxilotu zuten, Madrilgo Agustin Rodriguez Sahagun parkean.