Gizartea -
Alerta meteorologikoak
Abisu horia haizeagatik eta prezipitazio iraunkorrengatik Bizkaian eta Gipuzkoan
Isurialde atlantikoan, baliteke metro koadroko 60 litro baino gehiago pilatzea 24 orduan. Hori dela eta, beste abisu hori bat ezarri dute, larunbatera arte.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizeagatik kostaldean ezarritako abisu horia indarrean izango da gaur, ostirala, 21:00ak arte. Halaber, itsasertzeko arriskuagatik lehen bi milietarako ezarritako alerta laranja 18:00ak arte luzatuko da. Izan ere, bost metrorainoko olatuak espero dira. Ordu horretan, alerta egoera abisu horira jaitsiko da, larunbateko 06:00ak arte.
Horrez gain, beste abisu hori bat ezarri dute Bizkaian eta Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorrengatik, eta larunbateko 06:00ak arte egongo da indarrean. Isurialde atlantikoko zenbait lekutan, baliteke metro koadroko 60 litro baino gehiago pilatzea 24 orduan. Iragarpenaren arabera, euri txiki-ertaina egingo du, ugaria eta iraunkorra izango da, eta zaparradak handiak izan litezke zenbait lekutan. Gainera, baliteke trumoi-ekaitzak jotzea eta txingorra egitea.
Ostiral honetan, zerua lainotuta egongo da, eta euria gogotik botako du. Horren harira, Euskalmetek esan du zenbait lekutan zaparrada handiak izan daitezkeela, eta litekeena da trumoi-ekaitzak jotzea, txingorrarekin batera. Elur-kota 800-900 metroan kokatuko da goizaldean, baina 1.000-1.200 metroan kokatuko da egunak aurrera egin ahala. Ondorioz, mendi-gailurretan izotza egingo du. Eguneko beste protagonistetako bat haizea izango da: bolada oso gogorrak izango ditu, batez ere kostaldean eta bereziki eguerditik aurrera, eta itsaso zakarra eragingo du.
Larunbatean, ordea, prezipitazio ahulagoak izango dira, baina euria egiten jarraituko du. Goizean, ostarte txikiak zabalduko dira, batez ere barnealdean. Gainerako orduetan, zaparradak tartekatuko dira, eta mardulagoak izango dira arratsaldetik aurrera, kostaldean bereziki. Halaber, mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, baina ez du ostiraleko indarrik izango. Halaber, tenperaturak apur bat gora egin lezake, hego-mendebaldeko haizea ibiliko baita. Elur-kota 1.300-1.400 metroan kokatuko da, eta 1.000 metrora jaitsiko da azken orduetan.
Bestalde, igandean, A10eko hauteskunde orokorrak egingo diren egunean, eguraldi ezegonkorra espero da. Txarrera egingo du berriro, eta zaparradak ugariak eta etengabeak izango dira, batez ere Kantauri aldean, eta ekaitzak eta txingor pixka bat izango dira tarteka, goizean gehienbat.
Gainera, ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, eta bolada gogorrak izango dira kostaldean eta mendi inguruetan. Ziertzoak bizi joko du, tarteka gogor. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, eta kostaldean ez dira 12 ºC-ra iritsiko. Barnealdean, berriz, 9 ºC-ra iritsiko dira. Elur-kota 1.000 metro inguruan kokatuko da.
Nafarroan, AEMET Estatuko Meteorologia Agentziak hiru abisu hori ezarri ditu ostiralean: elurragatik, Pirinioetan; euriagatik, isurialde atlantikoan; eta haizeagatik, Erriberan.
BIDEOA | Elurra iritsi da Nafarroako Pirinioetara